Pages

2018/06/29

Irailera arte, #praktikatuetabizi!

Irailean egongo gara, gogoratu udako taldea datorren astean hasiko dela Talan, arratsaldeko zortzietatik aurrera, uztailaren bostetik abuztuaren hogeita hamarrera arte, ostegunero.
Eskerrik asko guztiei, ondo pasa eta irailera arte, #praktikatuetabizi!

2018/06/21

Euskaraldia: badaukazu zapirik?

Euskaraldia prestatzeko elkartu dira orain arte hainbat herritar eta astebururako proposamena da Euskera Sailetik, Zubiganetik edo kiroldegiko tabernatik pasatzea zapia erosteko eta hemendik aurrerako jaietan erabiltzeko. Erabilerari buruz ari gara, badaukazu zapirik?

2018/06/08

Urritik hona emaitza onak

Zuen iritziak, proposamenak, balorazioak, eskatu dizkizuegu orain dela gutxi eta oso emaitza onak jaso ditugu, konforme zaudetela seinale, pozten gara!
Orokorrean, baloratu dugu urte osoan zehar egin duguna: asteroko taldeak, informazioa, beste ekintza batzuk antolatzea... eta batetik bostera eman dugu nota; bat eman dugu ez garenean gustura egon eta bost oso gustura egon garenean, oso ondo iruditzen zaigula adierazteko: 4.95 izan da batez bestekoa. Irudian ikusten duzue zelan baloratu duzuen zuen berbalagun taldea, atal ezberdinetan: oso nota altuak eman dituzue aurten ere. Idatzi dituzuen proposamenak, oharrak, iradokizunak, kontuan hartuko ditugu hemendik aurrera ere gustura jarraitzeko, #praktikatuetabizi helburu.

Udaberriko lehiaketa: erantzunak eta sariduna

Udaberriko lehiaketan 72 erantzun jaso ditugu, eskerrik asko zuen parte hartze zabalagatik. Sariduna Jon Zarate izan da eta atzo jaso zuen Errigorako olioa, zorionak Jon!
Honako hauek izan dira oraingo erantzun zuzenak:


1. Lotu:
-        Entzun eta isil, baiezko biribil     C
-        Zuriak eta beltzak aditu zituen    F
-        Horrek ez dauka ez hanka ez buru     E
-        Usoak joan, sareak heda           G
-        Hori da eltze askotako burduntzalia   B
-        Hura ikusita barrunbea irauli zitzaion  D
-        Akerraren adarrak baino okerragoa da   A

    2.  Noiz izango da Euskaraldia? 
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra

3.   Zein idazle gonbidatuko du Bermeoko irakurleen txokoak aurten? Kattalin Miner       

Azken galdera zuen mendirik gogogoenari buruz galdetu dizuegu eta askok erantzun duzue Gorbea dela, baita Bermeo ingurukoak: Sollube, Katillotxu, Atxarre, Oiz...
Hurrengo lehiaketa uda eta gero izango da, udazkenean, parte hartu, #praktikatuetabizi!

2018/06/07

Uda aurreko topaketa: kronika


Atzo elkartu ginen lameran bazkaltzera joateko, talde desberdinetan aurten aritu garen berbalagunok elkar agurtzeko irailera arte. Batzuk lameran egon ginen ordu bietan, baina beste batzuk beranduago etorri ziren lanetik eta haien zain egon ginen portuan ederto batean.
Hiru eta erdietan sartu ginen Gaztelupera eta oso ondo egon ginen, gu bakarrik jantokian, berba eta berba. Taldeko argazkia atera genuen eta batzuk agurtu eta gero erabaki genuen Talara igotzea, eguraldi ederra aprobetxatuz kaferako.
Talako kantinan zozketatu genuen udaberriko lehiaketaren saria, Errigorako oliba olioa, eta Reyes, Esti eta Joseberen laguntzari esker zozketan Jon Zarate izan zen sariduna 72 partaideren artean, zorionak Jon!
Talan amaitu zen atzoko topaketa baina gogoratu uztailean eta abuztuan, ostegunero zortzietatik aurrera, udako taldea elkartuko dela bertan. 

Eskerrik asko astero-astero parte hartu duzuen guztiei!