2011/02/04

Berbalagunak barra-barra

Eusko Jaurlaritzak, Topaguneak, AEK-k eta Aztikerrek Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzeko egindako ikerketaren emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean Euskaltzaindiaren egoitza nagusian egindako prentsa agerraldian. Oro har, egitasmoaren balorazio positiboa egin dute eta mintzalagun kopuruak izan duen gorakada nabarmendu dute.

Mintzapraktika egitasmoaren eraginkortasuna neurtzeko 2004-05 eta 2008-09 ikasturteetako datuak kontutan hartu dira, egitasmoen osotasunean aztertzea eta horretarako ildo eta teknika ezberdinak baliatuz. Ikerketak utzi dituen emaitzekin “pozik” agertu dira eragileak, oro har, egitasmoaren balorazio positiboa egin dute. Mintzalagun kopuruak izan duen gorakada azpimarratu dute, batez ere: “Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzaile kopurua izugarri hazi da; 2004-05 ikasturtean 1.041 lagun izatetik, 2010-11an 3.847 izatera pasa da. Horrelako hazkundea izaten duten ekimenak oso gutxi dira, masa-fenomeno baten aurrean gaudela esan daiteke ” ikerketako arduradunen arabera

Mintzapraktika egitasmoan ari diren lagunek programaren balorazio “positiboa edo oso positiboa” egiten dutela azaldu dute, eta horrek arduradunen asebetetze maila betetzen du. “Egitasmoa bideratzeko egiten duten ahalegina modu positiboan baliosten duela erakusten du eta horrek izugarri poztu gaitu. Batezbestekoa 8,5a gainditzen du, bide onean goazela berretsiz”.