Pages

2014/12/23

Urte amaierakoa

Euskeraz bizi nahi dut amaierako ekitaldian gimnasia ritmikako lagun txiki bik lagundu ziguten udazkeneko irabazlea aukeratzen eta orduan jakin genuen Juanpa Dieguez izan zela, 44 erantzun zuzenen artean berea izan zen 15 zenbakiduna, sariduna. Ekitaldia eta gero topaketa luzatu genuen gabonetako azkoan, lagun artean. Hona hemen zuen gustukoen berbak, bigarren galderari erantzunez:



Eta lehenengo galdera erantzuteko? Zelan esango genuke Bermeon #lotsarikgabe? Ba lotsatu barik, hori da aurtengo mezua euskaraz aritzeko.


Hirugarren galdera erantzuteko Taraskan dagoen "Baserritarrak" begiratu behar izan dugu:
Neskak ogia eskaintzen dio astoari, andreak sagarra neskari eta astoak darama aterkia. Falta izan dena Xixili da, orrazia eskuan, badakizue lamiak errekara etortzen zirela orraztera eta arrantzaleak liluratzera, edo hori da behintzat kontatu digutena.
 
Saria Arrarik Arra jokoa izan da, Bermeori buruzko jokoa eta Juanpa ez zegoen bertan lameran baina etorri zen ostiralean urte amaierako kafe bat hartzera eta orduan jaso zuen saria, Euskera Sailak emandakoa. 


Aprobetxatu genuen urteko azken argazkia ateratzeko, opor aurrekoa, bi aste barru berriro bueltan, bitartean euskaraz egin #lotsarikgabe eta ondo ondo pasa!

2014/12/10

Euskaraz bizi nahi dut

Larunbatean aukeratuko dugu udazkeneko lehiaketaren irabazlea eguerdiko ordu batean lamerako kioskoan, Euskeraz bizi nahi dut ekitaldiaren amaieran, eta aprobetxatuko dugu urteko azken topaketa egiteko, talde guztien artekoa. Horretarako eguerdian geratu gara baina egitarauan agertzen diren ekintzetan parte hartzera animatzen zaituztegu, familia osorako dira.

Euskararen Kontseiluak bultzatuta eta Bermeoko zenbait talde eragileren partaidetzarekin antolatutako ekimena da honako hau, eta helburua, izenak adierazten duen moduan, euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea. Ekimen hau ez dugu Bermeon bakarrik egingo, Euskal Herri osoan hainbat herritan ere, horretan ari dira. 


Eva, Juani, David, Mikel, Marimar, Fernando eta Rami, beste milaka lagunekin batera, euskaraz bizitzera eramango dituen bidaia egiten ari dira. Zeuk ere lagundu ahal diezu, euren bidelaguna izan zaitezke. Eman izena mintzapraktika egitasmoetan, izan bidelagun!

 
Euskaraz bizitzeko herritarren nahia oinarri, dinamika zabala sortu gura da hilaren 13an:


- Menditik ibilaldia (Taraskatik, 8:00etan)

- Ume txikientzako ekintzak Lameran edo frontoian (Lameran 11:30ean)

- Ginkana umeak gurasoekin ta gaztetxuak bakarrik (Lameran 11:30ean)

- Denon artean “Euskaraz bizi nahi dut" lasterketa ( Lameran 12:30ean)

- Kalinpan Lameran ibiliko da 11:30etik aurrera

- “Euskaraz bizi nahi dut” dantza koreografiaz (Lameran 13:00ean).

Ekintza guztiak 13:00etarako amaituko dira eta parte hartzaile guztiak elkartuko dira Lameran kanta dantzatzeko eta amaierako ekitaldiari hasiera emateko: Zenbait opariren zozketa, bertsolariak, irrintzilariak eta txalapartariak, Berbalagun lehiaketako zozketa, e.a.

Ekimen guzti honetan, adierazi gura denaren seinale edo identifikatzaile gisa, ekintzetan parte hartzen duen jendeak “Euskaraz bizi nahi dut” lema ageri duen kamiseta soinean eramatea eskatzen da. Ekimenak sortzen dituen gastuak estaltzeko, parte hartzean, ordainketa bat eskatzen da:

Umeak (14 urte bitarte): 2 euro (kamiseta erosiz gero, 7 euro)
Helduak: 5 euro (kamiseta erosiz gero, 10 euro) 



Badakizue, etorri, parte hartu eta hitz egin #lotsarikgabe.

2014/12/09

Arrantzaleen museorako bisitak: kronika


Pasa den astean Arrantzaleen museoko zaharberritze-lanak ezagutzera joan ginen, talde bakoitza bere hitzorduan, eta guztiz aldatuta topatu genuen, barrutik eta kanpotik ere.
Solairu bakoitza izan zen oso interesgarria, sarrerako bideotik hasita. Deigarria izan zen igogailua, asko gustatu zitzaigun, zer esanik ez gainontzeko guztia.

Bermeora hurbiltzen zaretenean ezin zarete joan museoa bisitatu barik herriko izaera, lehengo eta gaur egungoa, ulertzeko. Itsasoarekiko lotura oso ondo azaltzen da, zentzu guztietan.

Talde batzuk bisitatu zuten goizez eta bistak disfrutatu zituzten baina gauez ere oso ondo ikusten zen paisaia, ilargi beteak lagunduta.

Adi ikusi eta entzun genituen bideoetako azalpenak, baita gogoetak eta haien inguruko bizipenak komentatu ere. Berbetan luze egoteko aukera izan genuen, inork ez zuen irten nahi eta berriro bueltatuko garelakoan agurtu genuen elkar. Eskerrik asko Haizea eta museoko guztiei emandako azalpenengatik!

2014/12/05

Zinea euskaraz eta Mikel Markezen kontzertua

Gaur goizean zozketatu ditugu sei sarrera asteburu luze honetan zinera joateko, eta atzo iluntzean oso gustura egon ziren Mikel Markezen kontzertuan, argazkian ikusten denez.

Eskerrik asko Agurtzane, sarrera bikoitza eskuratu eta gero argazkia bidaltzearren, pozten gara gustura egon zinetela ikustean, anima zaitezte pelikula ikustera zoaztenak gauza bera egiten, behintzat esaiguzue gustatu zaizuen... ondo pasa zubi honetan!

2014/12/04

Berbataldeak

Hurrengo talde hauetan eman dezakezue izena #lotsarikgabe, ez badago interesatzen zaizuen ordutegian jarri kontaktuan eta konponduko dugu, ziur talde berriren bat sortuko dela abendutik aurrera ere! Zer egin behar duzue? Eman izena zuzenean edo deitu, idatzi, kontaktatu eta hitz egingo dugu: 607 609 580 / bermeoberba@gmail.com

Astelehenetan elkartzen da talde bat eskulanak egiteko, datorren astean jaieguna denez asteartean, eta gainontzeko taldeak astero elkartzen dira. Ez dago arazorik talde baten baino gehiagotan parte hartzeko, baina kontuan hartu behar dugu talde batzuk ordua edota topalekua alda dezaketela, taldeak autonomoak dira. Partaideek ez dute ordaintzen, konpromisua da taldera joatea eta abisatzea ez egitekotan.

Ekintza osagarriak ere antolatzen ditugu guztion artean, gustuko ekintzak, aste honetan adibidez Arrantzaleen museora joatea erabaki zen. Nahiz eta astero etorri ez, eman dezakezue izena ekintzetan parte hartzeko taldekideekin batera, baita ekintzak proposatzeko.

Azkenez, herrian eta herritik kanpo antolatzen direnetan parte hartzen dugu eta horrek laguntzen digu harreman berriak egiten, ezezagunekin hitz egiten, esperientzia berriak izaten. Adibidez gaurko kontzertura joango da Agurtzane, sarrera bikoitza zozketatu genuen atzo eta berarekin batera David joango dela esan digu, iluntzeko 8etan izango da, argazkia bidaltzen digutenean hemen argitaratuko dugu.

2014/12/03

Euskararen egun on

Pasa den larunbatean ospatu genuen euskararen nazioarteko eguna Kafe Antzokian, "Berba eta kafea" ekitaldian. 


Hainbeste lagunen artean pasatu genuen goiza, gaurko eta antzineko berbei buruz gogoetak eginez. 

Azken finean, zer da batzen gaituena?



Urte honetan zehar momentu on asko konpartitu ditugu eta horietako batzuk argazkietan islatu ditugu, beste batzuk guretzat gorde ditugu inon islatu barik.



Ezezagunak izan ginen eta taldeetan elkartzen gara euskaraz berba egiteko, euskaraz bizi ahal izateko, besoak zabalik Bermeoko berbalagun guztiontzat. Gaur geratu gara 10:30ean Arrantzaleen museoa bisitatzeko eta 16:15ean Elai Alai aretoan irakurraldirako, gero arte!

2014/12/02

Zinea euskaraz

Euskera Sailak gonbidatu gaitu zinera asteburu honetan, Loreak pelikula euskaraz Bermeoko Nestor Basterretxean hurrengo egun hauetan:

- Ostiralean 19:00etan eta 21:30ean

- Larunbatean 21:30ean

- Igandean 19:00etan


- Astelehenean 19:00etan eta 21:30ean

 
Ostiral goizean, gurasolagun taldean, zozketatuko dira berbalagunen artean banatzeko 6 gonbidapenak, goizeko 10etan. Hemen argitaratuko dugu nortzuk izan zareten irabazleak eta sarrerak leihatilan hartu behar dira, izena esanda nahikoa izango da.


Eman izena #lotsarikgabe!

2014/12/01

Arrantzaleen museora

Arrantzaleen museoa bisitatuko dugu aste honetan zehar, talde bakoitza bere kabuz, zaharberritze-lanak bukatuta.

Taldeak Torronteron bertan geratuko dira eta hitzorduak dira:

Astearte arratsaldean, 17:30ean.

Asteazken goizean, 10:30ean.

Ostegun arratsaldean, 18:00etan.

Animatu eta eman izena haiekin batera museoa ikusteko, merezi du eta!

bermeoberba@gmail.com  /  607 609 580

Kontzerturako sarrera bikoitza

Bermeoko Kultura Saliak gonbidatu gaitu osteguneko kontzertura joateko eta sarrera bikoitza zozketatuko dugu etzi, hilaren 3an, nazioarteko euskeraren egunean, goizeko 11:30ean Arrantzaleen museoan. 


Deitu 607 609 580 zenbakira eta esan izen abizenak zozketan parte hartzeko!