2014/11/27

Abenduko agenda

Abenduan denetariko egiteko aukera izango dugu, ekintza guztietan aurkituko duzue berbalagunen bat, askotan berbalagun talde osoak, eman izena #lotsarikgabe!

2014/11/25

Danbor hotsak Afrikatik: kronika

Pasa den ostiralean hitzaldi aretoa bete zen Itxasoren bidaia eta bizipenak ezagutzeko, oso erakargarria izan zen Afrikako eguneroko bizitza irudiz ulertzea eta Itxasok gaika antolatutako aurkezpenak lagundu zigun horretan: baliabideak, arriskuak, erritoak, harremanak, tramiteak...


Laster hasi ginen konparatzen Bermeoko orain dela berrogei urteko bizitza eta Itxasok azaldutakoa, Itxasok zortzi hilabetez bizi izana batzuei ezaguna egin zitzaien eta berez sortu zen tertulia. Amaieran bideo batean laburbildu zuen Itxasok bere bidaia eta txalo-zaparradaz bukatu genuen.

Hala eta guztiz, batzuk luze geratu ziren berbetan, irteteko inolako gogo barik, eta ostirala pintxo-potean amaitu zen. Eskerrik asko Itxaso eta etorri zareten guztiei!

2014/11/11

Erroxape elkartearekin bat

Erroxape elkartekoak animatuko dira josten Korrikaren alde eta geratu gara ostiralean, arratsaldeko seietatik aurrera, dena azaltzeko. Hurbildu euren lokalera, Erreten lamerakora, eman izena eta telefonoa kontakturako eta patchwork taldekoak han egongo dira laguntzeko.... eskerrik asko Marijose!

Badakizue eskualdeko auzolana izango dela, honako hitzordu honetan eskuratu dezakezue behar den guztia:
- Gernikan ostegunetan, 19:00etatik aurrera, lehengo "Correos"eko lokalean, Elai-Alai aretoaren aurrean, udaletxeko plazan.
- Bermeon astelehenetan eta ostiraletan, astelehen goizetan 11:30etik aurrera euskal gunean eta ostiraletan Erroxape elkarteko patchwork taldean arratsaldeko 16:30etik aurrera.

Eskerrik asko guztioi!

2014/11/10

Nire bidaia: danbor hotsak Afrikatik

 Datorren asteko ostiralean Afrikara joango gara Itxasoren bidaiaren bitartez:
“Zuek erlojuak izango dituzue, baina denbora geuk daukagu”. Esaldi honekin hartu ninduen Afrikak bere beso artean, eta esaldi honekin laburbildu zidan bere esentzia; iturririk gabe ozeanoak edango nituen, libururik gabe ikasketarik garrantzitsuenak barneratu, oinetakorik gabeko ibiltaririk apartenak ezagutuko nituen, elikagai faltaz puzturiko sabelak ukitu.
 Guztia eta ezereza oparitzen dizkizu haur bihotzdun erraldoi honek: Irribarreak eta gosea. Danbor hotsak eta malaria. Itxaropena eta korrupzioa. Uholdetan itotako lehorteak. Kontraesan superlatibo batek deskribaturiko unibertso xelebrea. Kolorerik izatekotan, zalantza izpirik gabe (edo izpi ugarirekin, hobeto esanda) eguzkiaren soineko laranja da nagusi bere lurrazalean, bere itsasoetan, bere erritmo beroetan, bere keinu loratuetan, bere etsipena eramateko modu alaian.
 Afrikan ez dago minuturik, ez dago ordurik. Afrikak oraina eskaintzen dizu; eta hobe zenuke bere ofrenda gazi-geza onartu, eskain dezakeen bakarra izan daitekeelako.
Etorri arratsaldeko sei eta erdietan hitzaldi aretora (Gizarte eta Kultura Etxea, hirugarren solairua) eta Afrikara joango gara #lotsarikgabe!

Gurasolagun batzarra

Pasa den asteko tailerrean zalantza eta galdera batzuk sortu zitzaizkizuen baina ez zen momentu egokia luze gurasolagun egitasmoa aurkezteko eta gurasolagun ekintzei buruz hitz egiteko, horregatik elkartuko gara berriro gurasoak etzi gaztelekuan arratsaldeko sei eta erdietan dena argitzeko eta lasai mintzatzeko.

Bide batez, nahi baduzue pendrive ekarri, Aitorrek ekarritako kantak etxera eramango dituzue, ados?

Hitzaldia: Islandiako lasterketa

Ostiraleko berbalagun taldea Julen Urdaibaik eman zuen hitzaldira joan zen arratsaldeko 7:30ean Nestor Basterretxea aretoan: Fire & Ice Ultra, Islandian izandako lasterketari buruz. Bertan beste lagun batzuekin elkartu ziren eta arratsaldea luzatu zen mendiari eta lasterketei buruz mintzatuz, plan ona!

Badago Irish tabernan berbalagun lehiaketan parte hartzeko aukera, orriak eta postontzia han ere topatuko dituzue, ostiraleko taldea bertan geratzen da arratsaldeko bostetatik aurrera.

2014/11/07

Josi eta josi


 
Atzo goizean aurkeztu zen 19. Korrika eta gu arratsalderako lanean, Busturialdeko berbalagunok elkartu ginen telak banatzeko eta hasi ginen josten, berba eta berba... 



 Batzuk oso trebeak dira eta atzo bukatu zuten laukitxoa, beste batzuk etxera eraman genuen eta datorren astean leku eta ordu berean elkartuko gara berriro, ia ondo ulertu dugun eta ondo irtetzen den... jostun finak, badakizue lehenengoa beti izango dela zailena, hurrengo guztiak berez! 


Inor gehiago animatzen bada Korrikaren alde josten, deitu mesedez (607 609 580) edo izena eman hemen (klik egin) eta deituko dizuet. 

Momentuz lehenengo batzarra izango da astelehenean, hilaren 10ean, berbalagun gelan (euskal gunea, Atalde 17) goizeko 11:30ean azalpenak emateko eta nahi duenak materiala etxera eramateko. Han egongo da talde bat josten astero, izena eman zeuk ere!

Irakurri gehiago Gernika-Lumoko berbalagunen blogean + (klikatu)

2014/11/06

Gurasolagun tailerra: kronika

Atzo arratsaldean geratu ginen gurasoak eta umeak elkarrekin jolasteko, kantatzeko, eta ondo pasatzeko.

Urtxintxako lagunak, Aitorrek, azaldu zigun zein izango zen plana, eta hasi ginen izenak gogoratzeko jolas batez.

Ez zuen euririk egin eta aprobetxatu genuen kanpoan jolasteko.

 
Ordua aurrera joan ahala beste ume eta guraso batzuk hurbildu ziren, Aitorrek gonbidatu zituen jolasetan parte hartzeko eta ez zuten bi aldiz pentsatu: hasierako taldea hazi zen. Orduan ekin genien korru jolasei eta dagozkien kantak ikasi genituen.

Antza oso ondo kantatu genuen, aterri geratu zen arratsaldea eta ilundu arte kanpoan egon ahal izan ginen.


 Zazpietako bueltan sartu ginen denok batera, El Tendereteko lagunek ikuskizuna prestatzen zuten bitartean alboko gela baten umeek eta nagusiek bete zuten Aitorrentzat balorazio labur bat eta jarraian txotxongiloei gertatu zitzaiena ezagutzera joan ginen guztiok.

Emozioz ia ia ez genuen Aitor agurtu.... mila esker Aitor eta hurrengo batean bueltatu!



Oso gustura aditu genituen pertsonaien abenturak, batzutan atetik, altzoetatik... eta bapatean gortinak ireki ziren eta txotxongiloak irten ziren kanpora, bazeuden han Manya eta Lito, harrigarria egin zaie.

 
Berez heldu zen etxera joateko ordua baina arinago taldeko erretratoa, zelan ez!


Eskerrik asko gurasolagunok!

2014/11/05

Antzerkirako gonbidapena


Gaur goizean asteazkeneko taldekoek zozketatu dute gonbidapen bikoitza datorren asteko bakarrizketa ikustera joateko, 15 berbalagunek eman dute izena zozketan eta gonbidapena tokatu zaio Yoliri, eskerrik asko taldekideok, laguntzearren!

Josteko tailerra

Gernikako berbalagunek proposatu digute josteko tailer batean parte hartzea, Hitzan argitaratuko da gaur:
Bihar arratsaldeko 7etan Gernikako Elai Alai aretoan elkartuko dira interesdunak oheko tapaki handi bat elkarlanean josteko. Bihar argibideak emango zaizkie, azalpen guztiak, zalantzak argitu, eta euren aukera izango da norberaren etxean egin edo tailer moduan berbalagun talde bat egin josteko, taldeak aukeratutako egunean eta orduan, betiko moduan.
Patchwork teknika izango da eta tailerrekoek aukeratuko dute zein izango den azken diseinua. Proposamena dago amaieran zozketa bat antolatzeko eta horretarako boletoak saldu, telak ordaintzeko eta soberan dagoena 19. Korrikarako.
Nahiz eta norberak etxean egin, hamabostean behin batzartuko dira tailerreko guztiak eta urtarrilaren amaierako tapakia montatuko dute zozketarako. Biharko batzarrean telak bananduko dira, partaideek ez dute dirurik aurreratuko. Animatu eta badakizue: #lotsarikgabe josi!

2014/11/03

Udazkeneko lehiaketa


Abian dago berriro berbalagunon lehiaketa, orriak eskura dituzue euskal gunean, Hizkuntza Eskolan, Gizarte eta Kultura Etxean, udal liburutegian, Akatz eta Irish tabernetan, bete eta postontzian sartu azaroaren 28a baino lehen. Ez ahaztu zuen datuak idazten, abenduaren 13an jakingo dugu nor den irabazlea. Horretarako euskaraz bizi nahi dut amaierako ekitaldian geratu gara lameran eguerdiko ordu bata inguruan, bertan aukeratuko da irabazlea lehiaketako partaide guztien artean. 





Orain arte papera izan da lehiaketan parte hartzeko aukera bakarra baina oraindik aurrera blog honetatik ere bete dezakezue, galdera errezak dira eta animatu parte hartzen! Zalantzarik izanez gero deitu 607 609 580 telefonora, bai? Eskerrik asko!