Pages

2018/12/21

Urte amaierako topaketa

Agurtu dugu elkar datorren urtera arte eta espero ez genituen oparitxo batzuk egon ziren, zuen parte hartzea eskertzeko. Ondo baino hobeto, berbetan, arratsaldea pasa eta gero, datorren urtean elkartuko gara berriro eta jarraituko dugu ohiturak aldatzen, ondo ibili eta gutxi gasta!

Udazkeneko lehiaketaren irabazlea eta erantzunak

Asteon zozketatu da Errigorako otzara udazkeneko lehiaketan parte hartu duzuen 123 partaideen artean eta oraingo honetan irabazlea Miren Goienetxea izan da, zorionak Miren!

Zeintzuk ziren erantzun zuzenak?
1.  Lotu:
1. Azaroa     D. Zemendia
2. Otsaila     C. Zezeila
3. Uztaila     E. Garagarrila
4. Maiatza    A. Loraila
5. Ekaina      B. Bagila

2.   Zenbat urte bete ditu aurten:

·         Errigorak               C. 5 urte   
·         Euskara batuak      B. 50 urte
·         Euskaltzaildiak       A. 100 urte

3.   Nora joango da herriko Fermin zentimo barik?  Mundakara   
4.   Rol bi egongo dira aukeran Euskaraldian, badakizu zeintzuk diren?
     Ahobizi eta belarriprest.

Hurrengo lehiaketa otsailaren 11tik 28ra izango da, animatu eta parte hartu berriro, Errigorako otzara egongo da irabazle baten zain.
Eskerrik asko guztiei!

2019ko Kirola eta Natura

Datorren urterako asmo berrien artean kirola egitea dago? Naturaz gehiago gozatu bide batez?
Ba egitarau interesgarria osatu dugu urtarriletik ekainera arte biak uztartzeko, klikatu kartelean eta deskargatu. Ez ezabatu ekainera arte eta etorri, parte hartu, praktikatu eta bizi!

Gurasolagun tailerraren kronika

Pasa den ostiralean gurasolagunek Gabonetako apaingarri ederrak egin zituzten tailerrean, norberak bere gustukoak. Egurrezko makiltxoak kolatuz eta  kolore guztietako materialekin apainduz arbolan edo beste leku batzuetan eskegitzeko apaingarriak eraman zituzten etxera. Batzuek argazkia egitea ere eskatu zuten, etxera joan baino lehen, oso arratsalde atsegina izan zen eta datorren urtean jarraituko dute ohiturak aldatzen eta aldaketa horretan laguntzen, familian ere euskaraz!


2018/12/05

Urte amaierako topaketa

2018 amaitzen ari da eta elkarrekin agurtuko dugu abenduaren 19an, asteazkenean, arratsaldeko 17:30ean lameran, Kasino aurrean.
Aprobetxatuko dugu topaketa udazkeneko lehiaketaren saria banatzeko, Errigorako otzara, eta urtarrilaren zazpitik aurrera elkartuko gara astero betiko moduan.
Animatu lagunak, ezagunak, ingurukoak, topaketara etortzeko eta izena ematera talderen batean, jarraitu ohiturak aldatzen, praktikatu eta bizi!

2018/12/04

Jarraitu ohiturak aldatzen...gurekin!

Hamaika egunetan egin dugun ariketari jarraipena emateko, eman izena eta jarraitu talderen batean, praktikatu eta euskaraz bizi!


2018/12/03

Abenduko agenda eta taldeak

Abenduko hainbat ekintzen artean nabarmendu ditugu batzuk, praktikatzeko eta euskaraz bizitzeko aproposak. Familian praktikatzeko, gurasolagun tailerra eta talde guztietako berbalagunok urtea agurtzeko, urteko azken topaketa, urtarrilean berriro asteroko martxan hasi arte.


2018/11/12

Gurasolagun tailerra: gabonetako apaingarriak

Abenduaren 14an elkartuko gara euskal gunean arratsaldeko seietatik aurrera gabonetako apaingarriak egiteko, oraingo honetan arbola apaintzeko eskulanak egingo ditugu. Gurasolagun tailerretan gurasoek hartzen dute parte seme-alabekin batera eta tailer honetarako adinik egokiena sei urtetik gorakoa da. Familia bakoitzak hiru euro jarriko du tailerrerako.

Animatu eta eman izena arratsaldea pasatzeko beste ume eta guraso batzuekin euskaraz eskulanak egiten. 

Honez gain, beste zerbait egiteko proposamenik badago, antolatuko dugu, zuek praktikatu eta bizi!

2018/11/05

Udazkeneko lehiaketa


Azaroaren 23ra arte lehiaketa erraz-erraza antolatu dugu eta parte hartzen duzuen guztien artean Errigorako otzara zozketatuko dugu azaroaren 30etik aurrera. Orduan argitaratuko dugu, irabazlearekin batera, zeintzuk izan diren erantzun zuzenak.
Lehiaketan parte hartzeko bete ditzakezue Kulturetxean, liburutegian, tabernetan, euskal gunean, Hizkuntza Eskolan, eta berbalagun taldeetan egongo diren eskuorriak.

Aurrealdean hiru hilabeteko agenda izango duzue, Gabonetara arte, berbalagun taldeak eta uda baino lehen egindakoaren berri, azken finean, sei hilabetekoaren laburpena orri batean.

Atzealdean dauden lau galdera erantzun lehiaketarako eta helarazi ahaztu barik kontakturako telefono zenbakiren bat edota e-posta helbidea, sariduna izatekotan jakinarazi ahal izateko.

Sare sozialetan ere topatuko duzue, lagundu mesedez zabaltzen, praktikatu eta bizi!

 

2018/10/31

Azaroko agenda eta taldeak

Amaitu da urria eta azarorako proposamen nagusia Euskaraldian parte hartzea da, beraz, agendan azpimarratu ditugu Euskaraldiarekin zerikusia daukaten ekintzak:

- Izena eman dugu dagoeneko, baina falta zaretenentzat: klikatu hemen eta eman izena, gero eskatu txapa eta bistan eraman azaroaren 23tik abenduaren 3ra.

- Barry Manley etorriko da azaroaren 9an Nestor Basterretxea aretora, arratsaldeko 19:30ean. Sarrera eskatu (2€) eta ondo pasatzera etorri.

- 10ean, 15ean eta 21ean, tailerrak egongo dira Euskaraldiko rolak lantzeko, doan, modu entretenigarria, zalantzak argitzeko.

- Azaroaren 23an Euskaraldiaren hasiera ospatzeko kalejira egongo da iluntzean, Kanta Kanta Loruek lagunduta.

- Euskaraldiaren amaieran ekitaldi polita izango dugu Kabidxen, abenduaren 3an, Nazioateko Euskeraren Eguna dela eta, iluntzean.

Astero elkartuko diren berbalagun taldetara hurbildu informazioa eskatzera, edo 607 609 580 telefonora bota mezua.


Azaroan ezin zarete falta, etorri, parte hartu, praktikatu eta bizi!

2018/10/29

Bost urte euskarari puzka



Azaroaren 14ra arte eskatu otzara zuria edo beltza, prezio berean, 50€. Informazio gehiago: Errigora + (klikatu).

Zelan egingo dugu? Zuek orain eskatuko duzue nahi duzuen otzara(k), zuria edo beltza edo biak, nahi duzuen beste. Eskatu ahal duzue online, botoia sakatu eta aukeratu Bermeoko euskaltegia zerrendan:


https://www.errigora.eus/non-eskatu
Formularioa zuzen bete eta gero, baieztapen mezua jasoko duzue. Beste aukera bat da: eskuorria bete eta entregatu euskaltegian, berbalagun taldean edo Marimarri zuzenean eskatu (607 609 580).

Eskatutakoa jasoko dugu azaroaren 29an, ostegunean, arratsaldeko zazpietatik zortzi eta erdietara arte. Egun horretan ordainduko dugu, jasotzean, eta keinu txiki honekin lotuko ditugu euskara, elikadura-burujabetza, auzolana eta Nafarroa hegoaldea.

Ezin bazarete etorri 29an, abisatu eta berbalagun gelan jasotzea adostu behar duzue Marimarrekin. Ez utzi azken egunerako, praktikatu eta bizi!

2018/10/19

Bost talde aukeran

Astero elkartuko dira bost talde, bi goizez eta hiru arratsaldez, noiz hasiko zarete euskaraz berbetan?
Aukeratu taldea edo proposatu zuek eguna eta ordutegia beste talderen bat sortzeko, hiru lagun nahiko hasteko.

Goizeko taldeak: astearteetan, hamabietatik ordu batera eta asteazkenetan hamarretatik hamaiketara, lameran. Astearteetan Izaro aurrean eta asteazkenetan Omago aurrean.

Arratsaldeko taldeak: asteazkenetan bost eta erdietatik sei eta erdietara, lameran, Izaro aurrean; ostegunetan zazpi eta erdietatik zortzi eta erdietara Demiku jubilatuen elkartean, Kultur Etxeko beheko lokalean, kale parekoan eta ostiraletan bostetatik seietara lameran, Izaro aurrean.

Eman izena, praktikatu eta bizi!

2018/10/05

Gonbidatuak

Atzo zozketatu genituen bost gonbidapen Oreina ikusteko eta Nestor Basterretxean ikusiko dute: Agurtzane Argiarro, Karmele Allika, Reyes Gonzalez, Legendika Zuazua eta Silvia Rodriguez.
Gogoratu leihatilan egongo dela sarrera larunbatean edo igandean aukeran, ondo pasa eta gero kontatuko diguzue gustatu zaizuen, praktikatu eta bizi!

2018/10/04

Zinerako gonbidapena: Oreina

Asteburu honetan Nestor Basterretxea zine aretoan Oreina ikusteko aukera izango dugu, euskaraz, eta guk bost gonbidapen zozketatuko ditugu gaur arratsaldean interesdun guztien artean, zorte on, praktikatu eta bizi!

2018/10/03

Indartsu gatoz

Gaur aurkeztu dugu egitasmoa eta datorren astean bost talde egongo dira aukeran praktikatu eta bizitzeko, bi goizez eta hiru arratsaldez. Seguru baten bat gehiago sortzen dela, eman izena eta deituko dizuegu ordua eta eguna adosteko.

Gehiago irakurtzeko: Bermeo euskaraz +, Bermeoko udala +, Busturialdeko Hitza +  edota ikusi Oizmendin:


https://www.youtube.com/watch?v=hZRKbdYbR2U

2018/10/01

Urriko agenda eta taldeak

Urrirako planak egiteko agenda prestatu dizuegu, baita taldeen ordutegia ere. Talde bakoitzak aukeratuko du topaleku konkretua, oraindik ez da ordutegi finkoa, baina irailean komentatu dugunaren araberako aurreikuspena taulan dago. Eman izena agendan ikusten duzuen hitzorduetan praktikatu eta bizitzeko!

2018/09/19

Uda eta geroko lehenengoa

Uda eta geroko lehenengo hitzordua datorren astean izango da, ostiralean, hilaren 28an, arratsaldeko bostetan lameran. Etorri lagunekin, ikaskideekin, nahi duzuenekin, astero ordu betez praktikatu eta bizitzeko!

Izena emateko:

607 609 580

bermeoberba@gmail.com

2018/09/14

Hasi gara, praktikatu eta bizi gurekin!

Uste baino lehen heldu da taldeak antolatzeko sasoia, datorren astean hasiko gara!
Zer egin behar duzue? Eman izena: deitu, bota mezua, hurbildu eta aukeratu eguna eta ordua euskaraz berbetan hasteko, doan.
Astean behin elkartuko gara, etorri, parte hartu, praktikatu eta bizi!

2018/06/29

Irailera arte, #praktikatuetabizi!

Irailean egongo gara, gogoratu udako taldea datorren astean hasiko dela Talan, arratsaldeko zortzietatik aurrera, uztailaren bostetik abuztuaren hogeita hamarrera arte, ostegunero.
Eskerrik asko guztiei, ondo pasa eta irailera arte, #praktikatuetabizi!

2018/06/21

Euskaraldia: badaukazu zapirik?

Euskaraldia prestatzeko elkartu dira orain arte hainbat herritar eta astebururako proposamena da Euskera Sailetik, Zubiganetik edo kiroldegiko tabernatik pasatzea zapia erosteko eta hemendik aurrerako jaietan erabiltzeko. Erabilerari buruz ari gara, badaukazu zapirik?

2018/06/08

Urritik hona emaitza onak

Zuen iritziak, proposamenak, balorazioak, eskatu dizkizuegu orain dela gutxi eta oso emaitza onak jaso ditugu, konforme zaudetela seinale, pozten gara!
Orokorrean, baloratu dugu urte osoan zehar egin duguna: asteroko taldeak, informazioa, beste ekintza batzuk antolatzea... eta batetik bostera eman dugu nota; bat eman dugu ez garenean gustura egon eta bost oso gustura egon garenean, oso ondo iruditzen zaigula adierazteko: 4.95 izan da batez bestekoa. Irudian ikusten duzue zelan baloratu duzuen zuen berbalagun taldea, atal ezberdinetan: oso nota altuak eman dituzue aurten ere. Idatzi dituzuen proposamenak, oharrak, iradokizunak, kontuan hartuko ditugu hemendik aurrera ere gustura jarraitzeko, #praktikatuetabizi helburu.

Udaberriko lehiaketa: erantzunak eta sariduna

Udaberriko lehiaketan 72 erantzun jaso ditugu, eskerrik asko zuen parte hartze zabalagatik. Sariduna Jon Zarate izan da eta atzo jaso zuen Errigorako olioa, zorionak Jon!
Honako hauek izan dira oraingo erantzun zuzenak:


1. Lotu:
-        Entzun eta isil, baiezko biribil     C
-        Zuriak eta beltzak aditu zituen    F
-        Horrek ez dauka ez hanka ez buru     E
-        Usoak joan, sareak heda           G
-        Hori da eltze askotako burduntzalia   B
-        Hura ikusita barrunbea irauli zitzaion  D
-        Akerraren adarrak baino okerragoa da   A

    2.  Noiz izango da Euskaraldia? 
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra

3.   Zein idazle gonbidatuko du Bermeoko irakurleen txokoak aurten? Kattalin Miner       

Azken galdera zuen mendirik gogogoenari buruz galdetu dizuegu eta askok erantzun duzue Gorbea dela, baita Bermeo ingurukoak: Sollube, Katillotxu, Atxarre, Oiz...
Hurrengo lehiaketa uda eta gero izango da, udazkenean, parte hartu, #praktikatuetabizi!

2018/06/07

Uda aurreko topaketa: kronika


Atzo elkartu ginen lameran bazkaltzera joateko, talde desberdinetan aurten aritu garen berbalagunok elkar agurtzeko irailera arte. Batzuk lameran egon ginen ordu bietan, baina beste batzuk beranduago etorri ziren lanetik eta haien zain egon ginen portuan ederto batean.
Hiru eta erdietan sartu ginen Gaztelupera eta oso ondo egon ginen, gu bakarrik jantokian, berba eta berba. Taldeko argazkia atera genuen eta batzuk agurtu eta gero erabaki genuen Talara igotzea, eguraldi ederra aprobetxatuz kaferako.
Talako kantinan zozketatu genuen udaberriko lehiaketaren saria, Errigorako oliba olioa, eta Reyes, Esti eta Joseberen laguntzari esker zozketan Jon Zarate izan zen sariduna 72 partaideren artean, zorionak Jon!
Talan amaitu zen atzoko topaketa baina gogoratu uztailean eta abuztuan, ostegunero zortzietatik aurrera, udako taldea elkartuko dela bertan. 

Eskerrik asko astero-astero parte hartu duzuen guztiei!

2018/05/31

Ekaineko agenda

Ekainean denetarik egongo da Bermeon euskaraz bizitzeko eta ondo pasatzeko, guk hitzordu batzuk azpimarratu ditugu agendarako baina ez galdu aukera kalean praktikatzeko. Uda hasiko da laster eta azken agenda honetan uztailaren bostean abiatuko den udako taldea ere txertatu dugu. Etorri, parte hatu eta hitz egin!

Kirola eta Natura: azkena berton hilaren 16an


>IZENA EMAN  (izena emateko azken eguna, ekainak 13)
Zeharkaldia egingo dugu Kortezubitik Laidara.
Bukaeran,  nahi duenak Bird-Center-era bisita egingo du.

Ordua: 9:00etan
Lekua: BirdCenter-eko aparkalekuan
Norentzat: Edonorentzat (gutxieneko adina 6 urte)
Iraupena: 2-3 ordu
Prezioa:
  • KAYAK: nagusiek 25 € ; umeek 15 €.
  • BIRD-CENTER: nagusiek 2 € ; umeak doan.
 Animatu, #praktikatuetabizi!
 

2018/05/23

Udako taldea

Berbalagun talde batera etortzeko aukera izango duzue udan ere, zortzi lagunek eman duzue izena dagoeneko ostegunero elkartzeko. Hitzordua herriko talan izango da, iluntzeko zortzietatik aurrera. Hala ere, gogoratu ordua edo topalekua astearen arabera aldakorra izan daitekeela (gainontzeko berbalagun taldeetan den moduan), beraz, komeni da izena ematea ekainaren 15a baino lehen, nahiz eta astero astero ezin etorri udan. Udako talde honen hasiera uztailaren 5ean izango da eta amaierako eguna abuztuaren 30ean finkatu da. Parte hartu nahi baduzue, mezua bota 607 609 580 zenbakira, #praktikatuetabizi.

Opor aurreko topaketa

Udako oporrak begi bistan daude eta lameran geratuko gara ekainaren 6an, eguerdiko ordu bietan, bazkaltzera joateko eta behar den moduan elkar agurtzeko. Ezin bazarete etorri bazkaltzera, etor zaitezkete bazkalondoan edo arratsaldean, nahi duzuenean, kalean egongo gara, #praktikatuetabizi.

2018/05/17

Arrain azoka asteon

Arrain azokan gaudenez, biharko proposamena da eguerdiko 12etan Kofradia zaharrean egongo den arrain salmentaren itxurara joatea. Abisatu, mesedez, lagun kopurua mugatua baita. Honez gain, ekintza ugari egongo dira asteburu osoan, ez ahaztu Euskaraldiko gunera bisita laburra egitea, ziur berbalagunen bat aurkituko duzuela han.
Arrain azokan ere #praktikatuetabizi.

2018/05/15

Sukaldaritza tailerra: kronika

Atzo arratsaldean Gizarte eta Kultura Etxeko sukaldean elkartu ginen barra energetikoak egiten ikasteko, gozo-gozoak. Mirenbek azaldu zigun prozedura osoa: osagaiak aukeratzen, nahasketa egiten, pazientziaz ebakitzen eta paperetan biltzen. Luzerako gorde daitezke eta oso aproposak dira kirola egiten dugunean eramateko, edonora.


Hiru txandatan egin genituen, hazi eta kopuru ezberdinak probatuz, eta momentuan dastatzeaz gain, etxera eraman genituen etxekoek ere probatzeko. Ziur etxean egiten ditugula behin baino gehiagotan! 
Argazkiak ikusteko, klikatu hemen...+

Mila esker Mirenbe!

2018/05/09

Udan ere #praktikatuetabizi

Hasi zarete udarako planak egiten, ezta? Noiz geratuko zarete euskaraz berba egiteko? Nahi izango duzue talderen bat zehaztu, aurreko urteetan bezala, kontaktua mantentzeko?

Udan ordutegi eta erritmo aldaketekin batera asteroko taldeak desegiten dira, beraz, udako taldeak planteatzeko momentua heldu da. Horretarako adierazi behar duzue parte hartu nahi duzuela talderen batean, 607 609 580 telefonoan edota bermeoberba@gmail.com helbidean, eta adostuko dugu non, zer ordutan eta zein asteko egunetan geratu.

Honetaz aparte, Barakaldotik heldu zaigu proposamen hau: uda honetan Nojan (Kantabria) oporrak pasatzen dutenekin talde bat osatu nahi dute. Informazioa hemen.

Udan #praktikatuetabizi, Bermeon zein Bermeotik kanpo, eman izena!

Kirola eta Natura ekainean: orientazioa Pagoetan

Apirilaren 21ean talde ederra elkartu zen Zugaztietan orientazio-ibilbideaz gozatzeko eta, bide batez, oinarrizko arauak ezagutzeko. Ekainean antzeko irteera proposatzen dizuegu, oraingo honetan Aian, Gipuzkoan, ekainaren hiruan. Informazio gehiagorako eta izena emateko, klikatu esteka honetan...+
Azken eguna izena emateko: maiatzaren 29a.
Kirola eta natura uztartu, #praktikatuetabizi.

2018/05/02

Maiatzeko agenda eta taldeak

Hainbat hitzordu interesgarri egongo dira maiatzean eta agendarako azpimarratu ditugu batzuk, aprobetxatu zuen gustukoenak, #praktikatuetabizi.
Horrez gain, asteroko taldeetan parte har dezakezue, honako leku eta ordutegietan:

2018/04/24

Sukaldaritza tailerra maiatzaren 14an

Hasi gara mendira, hondartzara, eguna pasatzera joaten, eta energia dosi berezia behar izaten dugu egunean zehar. Makilatxo energetikoak etxean egiten ikasi nahi?

Motxilan zuek egindakoak eramateko, etorri Gizarte eta Kultura Etxeko sukaldera, bigarren solairuan, maiatzaren 14an arratsaldeko seietan eta Mirenbek erakutsiko digu zelan lortu gozo-gozoak. Izena eman behar duzue maiatzaren 7a baino lehen eta hiru euroko botea jarriko dugu osagaiak erosteko. Etorri, #praktikatuetabizi.

Kirola eta Natura maiatzean: Aguake ur-jauzia

Kirola eta Natura egitasmoko hurrengo irteera Aguakera izango da maiatzaren 19an, ez galdu aukera, #praktikatuetabizi.


IZENA EMAN  (izena emateko azken eguna, maiatzak 9). 35€.

Irteeraren zehaztapenak:
 
Arroila erraz bezain ederra, ezin hobea mundu honetan lehen pausoa eman nahi dutenentzat.

Ur mailaren arabera denetarik eskaintzen digu arroila honek, rappelak, salto egiteko aukera, baita 8 metroko txirristara ere. 

 
Norentzat:
  • Edonorentzat (gutxieneko adina, 10 urte).
  • Igerian jakin beharra dago.
Distantzia: 4 km.

Iraupena:
3-4 ordu.

2018/04/23

Udaberriko lehiaketa

Gaurtik maiatzaren 21era arte abian dago udaberriko lehiaketa, parte hartu eta jasotako erantzun guztien artean Errigorako bost litro oliba olioa zozketatuko dugu. Betiko moduan, eskuorritxoak aurkituko dituzue ohiko lekuetan eta on-line ere erantzun dezakezue, animatu, #praktikatuetabizi.

Asteburua euskaraz gurasolagunentzat

  • Aurten ere, Urtxintxarekin 2 egonaldi antolatu ditugu Urduñako Tertanga etxean:
    • Lehenengo aukera: maiatzaren 9tik 10era 
    • Bigarren aukera: ekainaren 19tik 20ra

  • Izena ematea:
    • Prezioak: Helduak 20 euro. Haurrak 10 euro.
    • Dinamizatzailearen bitartez eman behar duzue izena: guraso eta seme-alabena (607 609 580, Marimar).
    • KOPURUA MUGATUA DA

  • Oharrak:
    • Desplazamendua norberaren kontua da.