2016/12/23

Ondo amaitu urtea eta hobeto hasi

Aste honetan lotu barik ibili gara, batzuk eskulanetan, beste batzuk Bilbora, gehienok herrian bertan eta atzo agurtu genuen elkar datorren urtera arte. Urtarrilaren bederatzian hasiko gara berriro, bitartean ondo pasa, gutxi gasta, #praktikatuetabizi.


2016/12/21

Eskulanetako tailerrak: azken kronika.


https://drive.google.com/drive/u/0/folders/0B9aKaiVnQrDpYnhNdnROOUxSNEEAbenduan Gabonetarako eskulanak prestatu ditugu eta heldu dira Gabonak konturatu barik. Oso ondo aritu dira gurasoak, helduak, nerabeak eta umeak apaingarri desberdinak egiten Montseren aholku eta laguntzarekin.

Montsek bidali dizkigu azalpen guztiak blog honetan argitaratzeko, klikatu iruditxoetan eta irekiko dira, mila esker Montse!


Aste honetan amaitu da eskulanetako tailerra, astelehenean azken apaingarriak jarri arbolan eta giro onean erakutsi genituen eskulanak, norberaren estiloan bukatuta. Zuetariko batzuk etxean hasi zarete antzekoak egiten, ondo ikasi duzuenaren seinale, eta argazkiak bidali dizkiguzue.

Beste batzuk gehiagorako gogoz geratu zaretela adierazi duzue eta oporretatik bueltan kontaktatuko dugu beste eskulanen bat egiteko, tailerrari jarraipena emateko eskulanetako taldean. Horretarako Montsek ere esan digu prest dagoela, geratu zaigun materialarekin beste zerbait egitea proposatuko digu eta.

Azken finean, buru belarri ibili zarete eskulanak egiten, Gabonei buruz hitz egiten eta helburua bete dugu, betiko moduan, #praktikatuetabizi.

Bihar azken topaketa

Bihar arratsaldean elkartuko gara urteko azkena egiteko eta aprobetxatuko dugu Euskaraz bizi nahi dut eguneko film labur batzuk ikusteko berbalagun gelan (Atalde 17). Lameran geratu gara seietan berbalagun gelara elkarrekin joateko, batzuk oraindik ez zarete inoiz egon eta. Bide batez, nahi duzuena ikusiko dugu: aurtengo bideo eta argazkiak, blogeko sarrerak, zuen interesekoa. Horretarako zazpi eta erdietara arte egongo gara han, gutxi gora behera, eta agurtzeko hartuko dugu azkena momentuan erabakitzen duzuen lekuren batean, zuen pentsura. Etorri nahi duzuenean, parte hartu, #praktikatuetabizi.

Zozketaren irabazleak Igelak ikusteko

Pasa den ostegunean zozketatu genituen sei sarrera Igelak ikusteko Bermeoko Nestor Basterretxean eta arratsaldeko seietan elkartzen den taldekoak izan ziren laguntzaileak zortedunak aukeratzeko. Mari Carmen Guerra, Reyes Gonzalez eta Miren Goienetxea izan ziren sarrera biren irabazleak eta kontatu digute pelikula asko gustatu zaiela, aukerarik baduzue, joan zinemara eta ikusi. Mirenek era berezi batean eskertu nahi izan digu aukera eta irudian ikusten denez sarreraren argazkia bidali digu. Zinera zoaztenean ere #praktikatuetabizi.

2016/12/15

Gurasolagunak ere eskulanetan


Atzo arratsaldean geratu ziren gurasolagunak Montserekin eskulanak egiteko, oraingo honetan Gabonetarako etxetxu berezia. Montsek azalpenak bidali dizkigu, beste batean egin nahi baduzue eskulan bera. Irekitzeko, klikatu hemen...+.
Bi orduko tailerra izan zen eta oso gustura aritu ziren guraso eta seme-alabak elkarrekin, nagusiek eta txikiek elkarri lagunduz.
Amaitu zenean, berriro errepikatzeko gogoz joan ziren. Gabonetan oporrak baina bueltan beste tailerren bat antolatuko da, familian ere #praktikatuetabizi.

Hitzan irakurri....+

2016/12/14

Gabonetako arbola: bigarren tailerra

Astelehenean jarraitu genuen Gabonetako arbola lantzen. Guztiak lehortu eta gogortu ziren oso ondo, eguraldiak lagun, eta apaintzeari ekin genion. Lehenengo eta behin Montseren azalpenak entzun, adi-adi, eta gero entzundakoa praktikan jarri, norberak bere arbolan.
Ohi bezala, ez da gauza bera praktikan jartzen dugunean eta han ibili ginen batek besteari aholkuak ematen, laguntzen, probak egiten....azken finean #praktikatuetabizi. Gaur arratsaldean gurasolagunen txanda, etorri buelta bat ematen!

Igelak ikusi nahi?

Bermeoko Euskera Sailak gonbidatzen gaitu zinera asteburu honetan. Nahi baduzue joan, esan izena eta bihar arratsaldean zozketatuko ditugu hiru sarrera bikoitz, zorte on!

Ordutegia aukeran: 
Abenduak 16, barikua, 22:00
Abenduak 17, zapatua, 19:30/22:00
Abenduak 18, domeka,19:30
Abenduak 19, astelehena, 16:30/19:00/21:30 

Zinean ere #praktikatuetabizi

2016/12/12

Eskulanak egiten

Pasa den astelehenean hasi ginen eskulanak egiten eta gaur arratsaldean jarraituko dugu bost eta erdietatik aurrera euskal gunean, Gabonetako arbola elegante amaitu arte, pasatu nahi duzuenean ikusteko, komentatzeko,... zortzietara arte han egongo gara. Lehenengo fasean kartulinazko konoa montatu genuen eta plastikoz estali genuen gero kolaz bustitako hariz ondo inguratzeko horizontalean, bertikalean eta azkenez diagonalean. Lehortzen utzi ditugu gaur jarraitzeko, ondo gogortu arte ezin ditugu apaindu eta.


Gogoratu etzi gurasolagun tailerrean beste eskulan bat egingo dugula, Gabonetan argia ipintzeko, leku eta ordu berean. Etorri, parte hartu, #praktikatuetabizi.

2016/12/05

Udazkeneko lehiaketaren erantzunak eta irabazlea


Azaroaren 25ean amaitu zen epea lehiaketan parte hartzeko eta 134 lagunek erantzun duzue, eskerrik asko guztiei zuen parte hartzearren. Lehenik eta behin argituko ditugu erantzunak:
1.- Berbalagunon aurtengo leloa da Praktikatu eta Bizi
2.- Lotu:
                   Ogi gogorrari, hagin zorrotz  (C)
                   Nekeetan, irria ezpainetan      (G)
                   Astoak mandoari, belarri handi    (E)
                   Zozoak beleari, ipurbeltz        (F)
                   Ezina, ekinez egina         (A)
                   Non gogoa, han zangoa      (B)
                   Gogoko lekuan, aldaparik ez       (D)

Batzuk lotura interesgarriak egin dituzue, adibidez, gogoko lekuan irria ezpainetan eta nekeetan aldaparik ez; ogi gogorrari irria ezpainetan eta nekeetan hagin zorrotz....oso ondo saiatu zarete eta ontzat eman ditugu guztiak, zentzuzkoak izan dira eta.
3.- Errigorako saskiak izan dira aurten beltzak edo zuriak.
4.- Kartela hainbat lekutan ikusi duzue, bat baino gehiagotan adierazi duzue bakoitzak.


Errigorako saskien banaketa egunean zozketatu zen saria parte hartu duzuen guztien artean, Iratze eta Estherren laguntzaz, eta irabazlea izan da Lierni Rementeria (eskerrik asko Anabel erretratuengatik). 


Zapatuan etorri zen Lierni Euskaraz bizi nahi dut ekitaldira eta euskara teknikariak Maite Alvarez de Zaratek entregatu zion lamerako kioskoan, zorionak!

Egun ederra izan da euskararen nazioarteko eguna, goizetik goiz mendi ibilbideaz hasi eta eguerdian ekintza eta adierazpen ezberdinez lameran. Omenalditxo berezi bat egin genien Ipuin Lapikoko lagunei, ondo merezita, eta amaieran familiako azken argazkia, eskerrik asko guztiei!


Mila esker Ana, egun osoan argazki ederretan Euskaraz bizi nahi dugula jasotzeagatik, argazki galeria osoa bere blogean duzue, Bermeo iruditan...+


Talde berriak

Abenduan hasiko dira talde berri bi, ostiral eguerdian lameran elkartuko da bat, hamabietatik ordu batera, eta gaurtik aurrera eskulanak egiteko beste bat, euskal gunean bost eta erdietatik zazpietara astelehenero. Urtarrilean beste talde batzuk sortzeko aukera egongo da, bota mezu bat momentu honetan daudenak ez badira egokitzen zuen beharrizanetara eta berba egingo dugu: 607 609 580 (Marimar), lortuko dugu #praktikatuetabizi euskaraz.

2016/11/30

Abenduko agenda

Abenduan jaiegun asko egongo dira baina ekintzaz beteta dator agenda, eman izena, #praktikatuetabizi. Antolatu ditugu tailerrak, irteera, opor aurreko topaketa, astero edukiko dugu hitzordu bereziren bat gustukoa egiteko, etorri, parte hartu eta hitz egin.

2016/11/29

Euskararen nazioarteko eguna


Asteburu honetan euskararen eguna ospatuko dugu hitzordu ezberdinetan, denon gustukoa egongo da. Ostiral arratsaldean Kabidxen film laburrak ikusteko aukera, doan, zapietatik aurrera. Zortzietan Nestor Basterretxean helduentzako ipuin kontalaria. Larunbat goizean inguruetatik mendi irteera erraza, 12 kilometro egiteko irtengo gara Taraskatik bederatzietan auzoetatik buelta emateko. Hamaika eta erdietan lameran hasiko dira jolasak, dantzak eta amaieran adierazpena eta guztion erretratoa, eguerdirako. Lehiaketako saria ere emango dugu, Errigorako produktuen saskia, bihar egingo dugu zozketa parte hartu duzuen guztien artean, zorte on!
Egun berean baina arratsaldean, ekintza ugari egongo dira frontoian, herriko ikastolak 50. urteurrena ospatzeko. Zapatuan denetariko egongo da aukeran, ez falta, #praktikatuetabizi.

2016/11/23

Lehiaketarako azken egunak

Azken egunotan leku askotan aurkituko duzue lehiaketarako orritxoa, bete eta topa duzuen leku berean entregatu, edota berbalagunon buzoian, euskalguneko ate postan, utzi nahi duzuenean. Datorren astean zozketatuko dugu Errigora saskia eta abenduaren hiruan saridunari emango diogu lameran, eguerdian.
Bide batez bota begiradatxu bat agendari eta etorri interesatzen zaizkizuenetara, ez da zertan berbalagun taldekoa izan agendako tailer, irteera, topaketetara etortzeko. Nahi baduzue lehiaketan online parte hartu, orritxoa gordetzeko, klikatu hemen....#praktikatuetabizi.

2016/11/22

Gabonetako apaingarriak umeekin batera

Seme-alabekin Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra antolatu dugu abenduaren 14rako, eguazten arratsaldeko bost eta erdietatik zazpi eta erdietara arte, euskal gunean. Montse Alonsok azalduko digu arbola apaintzeko eskulan politak zelan egin, familiako eskulana gero norberak etxean horrelako gehiago egiteko.
Gurasolagun tailerretan helduak eta umeak egongo gara elkarrekin gustukoa egiten, umeekin beti #praktikatuetabizi.

2016/11/21

Gabonetako apaingarriak abenduan

Abenduaren 5, 12 eta 19an eskulanak egitea proposatzen dizuegu, hiru eguneko tailerrean Gabonak baino lehen, arratsaldeko bost eta erdietatik aurrera.
Eskulan nagusia Gabonetako arbola izango da, baina ondo lehortzen den bitartean beste apaingarri batzuk egiten ikasiko dugu Montse Alonsorekin. Tailer honetatik eskulanetarako talde bat osatu daiteke, Gabonak eta gero jarraitzeko.
Momentuz zehaztutako hiru astelehenetan parte hartzeko eman dezakezue izena (607 609 580, bermeoberba@gmail.com) eta bakoitzak hiru euro jarriko dugu.
Betiko moduan, tailerra edonorentzat da, animatu ingurukoak, #praktikatuetabizi.

2016/11/18

Miñe Lamiñera gurekin

Azaroaren 26an berriro joango gara Miñe Lamiñera, goizeko 11etatik ordu bietara Kafe Antzokian, geuk eus  kanpainaren hausnarketaren berri izateko eta han jasotako arrazoiei buruz berba egiteko. Amaieran sorpresa txiki bat egongo da, urtero moduan, oraingo honetan Itziar Rekalde ipuin kontalariaren eskutik.

Honez gain, eguerdian dantza egiteko aukera izango dugu lameran edo Taraskako arkupetan, euria balitz, eta ikastaro labur bat emango digute Alkartasuna dantza taldekoek buruko zapia ondo jartzen ikasteko. Plan ederra!

Hurrengo egunean goizeko 12etan leku berean aurkeztuko da ume jaioberrien liburua, jai giroan hau ere.

Miñe Lamiñera nahi baduzue etorri, eman izena udal Euskera Sailean edo bete beheko formularioa, doan da baina aurreikusi behar da zenbat izango garen, antolatu ahal izateko. Etorri, parte hartu eta hitz egin herrian, #praktikatuetabizi.



2016/11/16

Korrikarako josten hasiko gara bihar

Badator 20. Korrika eta hasiko gara oheko tapaki ederra josten auzolanean, Korrika heltzen denean zozketatzeko.
Animatzen bazarete josteko taldera, bihar elkartuko da Gernikako kultur etxeko bigarren pisuan, lehenengo aldiz, lana azaltzeko eta banatzeko. Bat, batzuk, zuek ere #praktikatuetabizi.

Sare sozialak Iraitz Madariagarekin: kronika

Atzoko hitzaldia oso interesgarria izan zen, hasierako zailtasun teknikoak gainditu eta gero (eskerrik asko, Santi eta Iñaki!), Iraitzek azaldu zigun sare sozialak zer diren eta erabilerari buruzko datu eta bitxikeri batzuk, ideia egiteko.
Geroko tertulian azaldu zenez, honetan etorkinak gara eta ondorio moduan ados egon ginen guztiok erabilera onaren dekalogoa behar-beharrekoa dela, baita lanerako tresna denean ordutegiak arautzea.
Saio emankorra benetan, Iraitzek eskaini du bere burua berriro honelako bat antolatzeko, zortzi eta erdietan gehiagorako gogoa zegoen eta zintzo amaitu behar baina beste batean jarraituko dugu sakontzen, gaiak ematen du eta.
Atzoko aurkezpena eta askoz gehiago Iraitzen blogean...+
Mila esker Iraitz!

2016/11/09

Bat dator...batzuk, zuk ere

Badator 20. Korrika, gaur aurkeztu da Otxandiotik Iruñera 2017ko martxoaren 30ean abiatuko dena eta zuk ere bat egin dezakezu, mundu unibertsalagoa sortzera gonbidatzen gaitu.

Indar bat, bizipoz bat, #praktikatuetabizi.

2016/11/07

Udazkeneko lehiaketa eta info!

Udazkena heldu da bete-betean eta lehiaketan parte hartzea proposatzen dizuegu, azaroaren 25a baino lehen. Parte hartzen duzuen guztien artean Errigora saski bat zozketatuko dugu eta erantzun zuzenak hemen bertan, blogean, aurkituko dituzue azaroaren 28an. Bide batez aurreratzen dizuegu urte amaiera honetan aurreikusten duguna, animatu parte hartzen, berbalagun taldekoa izan ala ez berdin, gurekin #praktikatuetabizi.

Nahi baduzue, paperean bete, esku-orriak herriko leku askotan aurkituko dituzue eta han entregatzeko aukera izango duzue, bestela behekoa bete eta bidali, oso erreza da!

2016/11/05

Azaroko taldeak

Hona hemen azaroan elkartuko diren taldeak: topagunea, asteko eguna eta ordutegia. Berbetan hasteko lasai, eroso, lagunen artean, eman izena nahi duzunean eta etorri talde batera. Hiru edo lau lagun elkartzen bazarete beste egun edota ordutegi batean, talde berri bat sortuko dugu eta taulan agertuko da, ez dago inolako arazorik talde berriak martxan jartzeko. Era berean, aste batzuetan ezin bazarete etorri, abisatu baino ez duzue egin behar. (607 609 580)  Nahi duguna da #praktikatuetabizi.

2016/10/28

Azaroko agenda

Azaroan sare sozialei buruzko tertulia interesgarria antolatu dugu, datu batzuk eta bitxikeriak sare sozialak hobeto ezagutzeko eta arratsalde berezi bat pasatzeko. Horrez gain, lehiaketa izango dugu zazpitik hogeita bostera arte, parte hartzen duzuen guztion artean zozketatuko dugu Errigora saski bat, sari ederra parte hartzearren!
Ikusten duzuenez, beheko aldean azaroko taldeak zehazten dira eta beste hitzordu interesgarri batzuk azpimarratuko ditugu ziur, euskaraz bizitzeko herrian, #praktikatuetabizi.

2016/10/26

Egunotan proposatzen duzuena

Hasi zarete proposamenak egiten, #praktikatuetabizi egia izateko, eta hemen elkarbanatuko ditugu.
Honelakoetan berbalagunen bat aurkituko duzue, talde osoa ez bada:

- Kabidxen hitzaldia etzi, 28an, kartelekoa txarto dago. Goiko plazan zazpietan.

- Talako kantinan garagardo berriaren aurkezpena bihar, Talape bits.

- Mendira joateko Gernika-Lumoko berbalagunek antolatutako ibilbidea, larunbat goizean, bederatzietatik aurrera, 15 kilometro egiteko berbalagunen artean eta giro ederrean.
Gernikako udaletxeko plazan irtengo dira eta honelakoak hilabeteroko azken asteburuan izango ditugu, ez galdu asteburuko aukera hau.
- Alkartasuna dantza taldeak dantzatzen ikasteko ikastaroa antolatu du azaroaren 4tik aurrera, ostiralero, maila bitan, hastapenekoa eta aurreratua. Aste honetan eman behar da izena Kulturetxean eta ikastaroko lehenengo egunean monitoreari 60€ ordaindu. Ikastaroa jai batez amaituko da otsailaren bueltan. Alkartasunak antolatuko du aurten Busturialdeko dantzari eguna Bermeon, azaroaren 5ean herrian dantzaz gozatzeko.

Ziur proposamen gehiago dauzkazuela, bota guk zabaltzeko, #praktikatuetabizi.

2016/10/25

Errigora aurten zuria edo beltza


Urtero moduan Errigorako produktuak eskatzeko aukera dago azaroaren 8ra arte, aurten gainera saski bi ezberdinak baina betiko moduan oso onak, zuria edota beltza eskatzeko.
Eskaera egin dezakegu online hemen klikatuz + edo euskal gunean dauden esku-orriak erabiliz. Aukeratu behar duzue Bermeo, herria zehazteko, eta abenduaren batean, iluntzean, euskal gunean bertan jaso. Zalantzarik baduzue deitu edo kontaktatu (607 609 580), parte hartu, #praktikatuetabizi.

2016/10/24

Lehenengo topaketaren kronika

Pasa den ostiralean talde desberdinetako berbalagunok elkartu ginen eguerdian bazkaltzeko, baita arratsaldea pasatzeko. Beste batzuk ezin ziren etorri bazkaltzeko, baina heldu ziren bazkalondorako, eta azkenak ailegatu ziren iluntzean. Guztiok egon ginen oso gustura eta abenduan geratu ginen errepikatzeko, opor aurreko topaketa Gabonak baino lehen egiteko. Topaketetan ere #praktikatuetabizi.

2016/10/18

Bihar hasiko gara irakurle txokoan

Irakurle txokoko lehenego saioa izango da bihar arratsaldean, 18:30ean liburutegian, eta Ana Malagonen lehenengo liburua komentatuko dugu: Lasai, ez da ezer gertatzen.
Eman izena liburutegian bertan (doan) hilabetero liburu bat irakurri nahi baduzue irakurle txokoan komentatzeko. Bi orduko saioak izaten dira Alaine Agirrek dinamizatuta, zortzi saio urtean.
Zalantzarik baduzue deitu 607 609 580 eta hitz egingo dugu, #praktikatuetabizi.

2016/10/14

Atzoko zozketan

Atzoko zozketan antzerkira joateko sarrera bikoitzaren irabazlea izan zen Agurtzane Argiarro, berarekin batera Josu Berbiz Larrabaster joango da, ondo pasa gaur gauean antzerkian, #praktikatuetabizi.
Eskerrik asko osteguneko taldekoei zozketagatik!

2016/10/11

Bazatoz antzerkira?

Ostiralean antzerkira nahi baduzue etorri, sarrera bikoitza zozketatuko dugu ostegun arratsaldeko taldean, seietan lameran.
MAREAK JAIALDIA: ANTZERKIA

KHEA ZIATER “MALMÖ”

Bermeoko Kafe Antzokian / gaueko 09:00etan

Sarrerea: 6 € (%25eko deskontua: gazte, adineko, elbarritu eta langabetuentzako agiriak aurkeztuz leihatilan). Salgai urriaren 3tik Gizarte eta Kultura Etxean, BBK-ko orotarako kutxazainetan eta kutxabank.es webgunean. Agortu arte

Sinopsia: “Claudiak eta Sagak orain dala bost urte ezagutu zuten elkar. Euren bizitzako hiru urte zoroenak elkarrekin pasa zituzten, hezur eta mami. Baina harreman hori apurtu egin zen. Gaur, hainbeste denbora pasatu ondoren, Saga da Claudia ikustera datorrena, eta bere maletan gorrotoa dakar gordeta”

Antolatzaileak: Bermeoko Udala eta Beleza Malandra Ateneo Kulturala. Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako ekintza.

Apuntatu zozketarako eta tokatzen bazaizu #praktikatuetabizi. 

Lehenengo topaketa

Egunotan sortzen dira taldeak, lagun berriek ematen dute izena, beste lagun batzuk taldez aldatu behar dute lanagatik, ordutegi bateraezinengatik, zuetariko batzuk ezin izango zarete etorri asteroko taldera... aspaldiko berbalagunak eta berbalagun berriak elkartuko gara bazkaltzeko datorren asteko ostiralean, hilaren 21ean, eguerdiko ordubietan lameran. Gonbidatu ezagunak, lagunak, familiakoak, bazkaltzera etortzeko, #praktikatuetabizi.


Sare sozialak: datuak eta bitxikeriak

Sare sozialak hobeto ezagutu nahi duzue? Azaroaren 15ean, asteartean, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Iraitz Madariagak azalduko dizkigu datu eta bitxikeri batzuk sare sozialei buruz Gizarte eta Kultura Etxeko hitzaldi aretoan, ez galdu aukera! Iraitz eta bere lana hobeto ezagutzeko, sartu www.iraitzmadariaga.eus orrira eta kontaktatu berarekin. Bestela, hitzaldira etorri, parte hartu, hitz egin, #praktikatuetabizi.