Pages

2017/02/15

Astebururako proposamenak

Aste honetako proposamen berezia da antzerkira joatea ostiralean Korrika kulturalaren egitarau barruan, Karramarroa gaueko bederatzietan Nestor Basterretxean, 6€.
Ostirala borobiltzeko arratsaldeko sei eta erdietan liburutegian Berdin dio liburuari buruz izango da tertulia eta Alaine Agirrek aurreratu digu sorpresa txiki bat prestatu duela saiorako. Lasai, antzerkira joateko astirik egongo da, saioa zortzi eta erdietarako amaituta egongo da. Eskerrik asko aurretiz, Alaine!
Larunbat goizean dantza ikastaroa eskainiko du Alkartasuna dantza taldeak Gizarte eta Kultura Etxean goizeko 11etan aratusteetako dantza entsaiatzeko, doan.
Astebururako era guztietako planak, #praktikatuetabizi!

Alkartasunak ekainera arteko planak ezagutarazi ditu, hilabeteroko agendetan kontuan hartuko ditugu guk ere, eskertzekoa da.

Azkenez, gogoratu Korrika gero eta hurbilago dagoela, batzordea martxan dabil eta dagoeneko zehaztu da aurkezpenerako eguna, apuntatu agendetan:

Martxoak 3, ostirala, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Kabidxen.

 Han egongo gara hizkuntzaren malabaristak, akrobatak, trapezistak, herri honen ilusionistak....Zirkorrikaren aurkezpenean. Egun horretarako aurreko Korrika guztien argazki erakusketa txiki bat egitea pentsatu dugu, zuena ere agertzeko ekarri eta guztion artean osatuko dugu.

Bat, izan bat, egin bat,
Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat...

2017/02/13

Daviden bidaia: kronika

Ordua baino lehen hasi zen Hitzaldi Aretoa betetzen pasa den ostegunean eta Davidek aprobetxatu zuen galdera batzuk botatzeko: zeintzuk dira Euskal Herriko mugak? Gaia kokatzeko mapa ekarri zuen eta bere bidaia aurkeztu zuen, guztiok ideia egiteko.
Berak ateratako argazkien bidez azaldu zuen bidaia etapaz etapa, anekdotaz anekdota, eta ordua joan zen berez. Azken tartetxoan zalantzak argitu genituen tertulian eta ondo merezitako txalo zaparrada jaso zuen Davidek, hunkigarria izan da hilabeteko bidaia, barneko bidaia.
 Daviden lagunak, Albertxok, esandako moduan, ez dugu aurkituko Euskal Herriko enbaxadore hoberik, mila esker David holako arratsalde ederra eskaintzearren!

2017/02/08

Euskal dantza ikastaro erraza



Euskal dantza erraz errazak praktikatuko ditugu martxoaren bitik aurrera, udaberriko erromerietan dantzatzeko: zazpi jauzi, polka, esku dantzak...kultur etxeko 1.1 gelan, lehenengo pisuan, ostegunero bost eta erdietatik zazpietara arte.

Izen- ematea doakoa da eta ezinbestekoa, gela txikia da eta lagun asko animatzen bagara talde bitan antolatuko gara. Guzti hori adostuko dugu lehenengo egunean, martxoaren bian, taldearen hasieran.

Ostegunero praktikatuko ditugu dantza berberak, ez da egongo arazorik ostegunen batean faltatzeko, berbalagun talde normal baten antzean funtzionatuko du honek ere. Dantzan ere #praktikatuetabizi.

2017/02/02

Bisita

Atzo bisita berezi bat izan genuen, Foruko barnetegiko lagunak etorri ziren Bermeora bisitan, herria ezagutzeko bisita gidatuan eta Arrantzaleen museora joateko honen ondoren.
Portuan topa genuen elkar eta familia erretratoa atera genuen. Goiza ondo baino hobeto amaitzeko, eguzkitan eseri ginen lehiaketako lau galdera errazak erantzuteko, eta, batez ere, berba egiten neguko goiz ederraz gozatzeko. Etorri nahi duzuenean, #praktikatuetabizi.

2017/02/01

Otsaileko agenda

Otsailean ere badago non #praktikatuetabizi: gure lehiaketan parte hartzeaz gain, badatoz Demikuko jaiak, Agate deuna, Daviden tertulia bere bidaia kontatzeko, 20. Korrika kulturaleko antzerkia Karramarro, irakurleen txokoan Berdin dio liburuaz arituko gara, hile amaieran aratusteak...etorri, parte hartu eta hitz egin!