Pages

2014/10/30

Azaroko agenda

Begira zenbat hitzordu azarorako, ez galdu aukera eta etorri, parte hartu, hitz egin #lotsarikgabe!

2014/10/29

Liburutegirako bisita: kronika

Pasa den ostiralean liburutegia hobeto ezagutzera joan ginen, Belenek azaldu zigun harreragunean non egon zen liburutegia oraingo eraikinean egon aurretik eta umeentzako txokoa ikusi genuen lehenik eta behin.


Jarraian bisitatu genituen liburutegiko atal guztiak solairuz solairu, hemeroteka, ikus-entzunezkoak... Belenek azaldu zigun zein den ordena, haien lana liburuzain moduan, zelan eskatu nahi duguna, baita ez dakigunean zer eskatu ere!



Asko gustatu zitzaigun Bermeori buruzko gunea, atera genituen Akatz aldizkariak (2004 urtetik aurrera ez da gehiagorik argitaratu) eta Bermeoko hizkera lantzen duen liburuak. Taldekoak bertan hasi ziren irakurtzen baina hobeto pentsatu eta gero etxerako eramatea erabaki zuten.



Azken sorpresatxoa laugarren solairuan egon zen, aspalditik erabiltzen ez den makina Belenek matxan jarri zuenean.... oso arratsalde interesgarria izan zen, eskerrik asko Belen!

2014/10/21

Gurasolagun: tailerra eta txotxongilo ikuskizuna.


FAMILIAN EUSKARAZ JOLASTEKO TAILERRA:

NOIZ?        
AZAROAREN 5EAN, ASTEAZKENEAN, 17:30 – 19:30

NON? 
BERMEOKO EUSKAL GUNEAN, ATALDE 17, BEHEA.
 DOAN!

Nork emango du izena?

Ama, aita edo biak ETA seme-alabak 5 urtetik 10 urtera.

Zenbat pertsonentzat? 20 pertsonentzat, haurrak eta gurasoak. Izena emateko ordena errespetatuko da, plazak bete arte.



Zer egingo dugu?
17:30ean TAILERRA: FAMILIAN EUSKARAZ JOLASTEKO:
    • Errutina-jolasak
    • Esku-jolasak
    • Bikote-jolasak
    • Kulunkatzeko jolasak
    • Korru-jolasak
  • Abestiak eta dantzak
  • Talde-jolasak
  • Konfiantza-jolasak
  • Jolas kooperatiboak
  • Betiko jolasak (soka, goma, zibak…)

Helburuak:

- Euskararen transmisioan eragitea.
- Familia barneko eta familien arteko euskarazko harremana indartzea.
- Familiei euskaraz jolasteko eta abesteko baliabideak eskaintzea.
- Herrian eta hirian euskara kalera ateratzea.
Metodologia guztiz dinamikoa izango da eta haurrek eta helduek elkarrekin jolastuz ikasiko dituzte olgetak. Partaide bakoitzari txosten bana banatuko zaio landutako jolasak biltzen dituena.


(Albistea Hitzan irakurri +) (Oizmendiko bideoa ikusi +)

ONDOREN  IKUSKIZUNA: BASOKO IPUINAK  (Manya eta Lito)  titeretas@terra.com
www.eltenderete.net

Izena emateko azken eguna: AZAROAREN 3a, plazak bete arte, 

607 609 580 
edo web orrian (Klik egin)


      

2014/10/20

Liburutegirako bisita

Joxe Miel Barandiaran udal liburutegiak urriaren 24an, ostiralean, liburutegiaren eguna ospatuko du eta aprobetxatuko dugu egun berezia dela  bisitatzeko  eta  hobeto ezagutzeko.
Izan ere, asko dira Bermeoko udal liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak, besteak beste, mailegu zerbitzua, fonoteka, bideoteka, mikroteka eta beste hainbat zerbitzu, guztiak dohainik. 

Urriaren 24an, arratsaldeko 17:15ean zerbitzu guzti hauen berri emango digute berbalagunoi. Bazkide ez bagara aprobetxa dezakegu egun horretan bertan  izateko aukera, horretarako argazki bat eraman behar dugu, besterik ez. Bisitarako plaza kopuru mugatua dago, talde handiegia bada beste egun baten errepikatuko dugu, ados?

Izena emateko deitu liburutegira edo berbalagun dinamizatzaileari: 607 609 580.

2014/10/19

Bermistorian: bisita gidatua eta topaketa. Kronika


Pasa den larunbatean egin genuen berbalagunon lehenengo topaketa, eguerdiko 12etan Arrantzaleen museoan oso bisita interesgarria, eguraldia lagun, kaleko ikuskizuna eta guzti.

Kanpoko xehetasunak azaldu eta gero, Haizeak erakutsi zizkigun eraikinaren aldaketak mendeetan zehar argazkien bidez Txile aretoan. Bisita amaieran, taldeko argazkia.

Bazkaldu aurretik azoka bisitatu genuen, baita apur bat deskantsatu ere... oso ondo bazkaldu eta gero, portuan hartu genuen arratsaldeko kafea eta han heldu zen, berba eta berba, suak ikusteko ordua. Batzuk ordu txikietara arte geratu ziren, umorea ez da falta!



2014/10/14

Urriko taldeak

Beste talde bat sortu da ostegun arratsaldeetan, momentu honetan bost talde elkartzen dira astero, animatu izena ematen eta ez badago komeni zaizuna lasai, beste batzuk sortuko dira, momentuz eman izena eta saiatuko gara aukeratutako egunean sortzen, hiru edo lau lagun batzen zaretenean arazo barik hasiko zarete oraindik abian ez dagoen talde berri horretan, deitu 607 609 580 telefonora edo bidali mezu bat eta deituko dizuegu.

2014/10/13

Aurkezpena: kronika


 Gaur goizean aurkeztu dugu aurten egingo duguna eta bide batez laburtu dugu orain artekoa, hau izan da azaldu duguna:

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak aurten ere abian jarri du Berbalagun egitasmoa. Josu Unanuek, Euskara zinegotziak adierazi duenez, egitasmoaren helburua da “berba egiteko aukerak zabaltzea eskolatik eta euskaltegietatik kanpo, lagunarteko giroan” eta aurten #lotsarikgabe mezuarekin dator, hau da, lotsatu barik berba egiteko mezua zabaldu gura dute. 

Maite Alvarezek, Bermeoko Euskara Saileko buruak, Berbalagun egitasmoaren hamaikagarren edizioa izango dela nabarmendu du, izan ere, “urtez urte aberastuz doan eta parte hartzaileen aldetik harrera oso ona daukan egitasmoa da”. Berbalagun egitasmoaren bitartez, euskaraz berba egin nahi duen edozein pertsona, astean behin lagunekin elkartzen da taldean eta, gustuko ekintzak eginez, euskaraz hitz egiten du. 

Elkarlanaren ondorio den egitasmoa aurkezteko, udal ordezkariekin batera, bertan parte hartzen duten eragile hauek izan dira: Marimar Hernandez Berbalaguneko dinamizatzailea, Ibon Iturbe, Karmele Zarain eta Iratxe Garmendia, Hizkuntza Eskola Ofizialeko, Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko eta AEK euskaltegiko ordezkariak, hurrenez hurren.

Bertan azaldu dutenez, Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Horrela, Marimar Hernandezek azaldu duenez, aurtengo mezua da #lotsarikgabe, izan ere, berbalagun taldeetan parte hartzen dutenek berba egiteko lotsa gainditzeko mezua. Hala diote bertan ibilitakoek, apurka apurka hasten dira berbetan eta zenbat eta gehiago aritu, hainbat eta hobeto egiten dutela, aurrerakuntza nabaria da, beraz. 


Ildo honetan berba taldeen bitartez, “euskara erabiltzeko esparruak zabaltzen” dira. “Euskara ikasi arren hitz egiteko ohitura handirik ez duen jendea eta normalean hitz egiten dutenak batuz, harremanak estutzen dira euskaraz bizitzeko”. Aipatu egitasmoan parte-hartzea dohainik dela azpimarratu dute.

Baina Berbalagun egitasmoaren barne ez dira berba taldeak soilik antolatzen. Horiez gain, hainbat ekintza osagarri egiten dira. Pasa den ikasturtean bitxigintza eta sukaldaritza tailerrak, argazki emanaldia eta tertulia, bisita gidatuak eta Urduñara irteera egin ziren. Ekintzak jakitera emateko buletinak ere argitaratzen dituzte eta horien bidez Berbalagunen lehiaketetan parte hartu daiteke.

Ekimen horiek jendearen parte hartze garrantzitsua lortu zuten pasa den urtean eta ekintza horiek eta antzekoak egingo dira aurten ere bai Berbalagunen barne, hala nola topaketak, ikastaroak, irteerak eta herriko beste eragile batzuek antolatutako ekintzetan parte hartuko dute, adibidez, euskararen egunean edo korrikaren inguruan antolatutakoak.

Horrela, Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsona guztiek Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 zenbakian kontaktatu.

Egitasmoa facebooken eta berbalagunen blogean ere jarraitu daiteke, han argitaratzen dira berri guztiak eta izena emateko aukera bertan dago eskura zuzenean.

Eskerrik asko guztiei gaur etortzearren!!


Albistea ikusi      Busturialdeko Hitzan +          Bermeon euskaraz +

2014/10/09

Bisita gidatua eta bazkaria

Urriaren 18an Bermistorian ospatuko da herrian eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako bisita gidatuan hartuko dugu parte eguerdiko 12etan Arrantzale museoaren aurrean. Bisitaren izenburua da "Dorre jauregitik museoa izatera", Ondarearen Europako Jardunaldien barne.

Bisita eta gero Erdi Aroko azoka bisitatuko dugu alde zaharrean eta 14:30ean Kafe Antzokira joango gara bazkaltzera (20€ inguru). Taldetako partaide berriei behar den moduan agurtzeko eta taldeen arteko ikasturte honetako lehenengo topaketa #lotsarikgabe egiteko, ez da plan txarra, ezta? 

Apuntatzeko jarri dinamizatzailearekin kontaktuan 607 609 580 telefono zenbakian (*azken eguna: urriaren 15a).

2014/10/06

Aurtengo aurkezpena

Astelehenean, hilaren 13an goizeko 12:00etan aurkeztuko dugu aurtengo berbalagun egitasmoa #lotsarikgabe lemapean eta honen bitartez gonbidatzen zaituztet parte hartzera, zuen esperientzia kontatzeko eta iritziak trukatzeko. Aurkezpen publiko laburra izango da, ordu erdikoa edo, Gizarte eta Kultura Etxeko hitzaldi aretoan, hirugarren solairuan. Gonbidatu zuek ere zuen ezagun eta lagunak, eskerrik asko!


Berbalagun egitasmoan izena emateko zuzenean web orrian edo:

2014/10/02

Lehenengo taldeak

Urrian hasi dira elkartzen lehenengo taldeak, aukeratu koadrantean zein datorkizun hoberen eta jarri kontaktuan dinamizatzailearekin aste honetan bertan zeu ere hasteko: 607 609 580 (Marimar).
 


Aurrerantzean beste talde batzuk sortuko dira, eman izena #lotsarikgabe eta interesatzen zaizun egunean sortzen denean deituko dizugu. Lagun edo ezagunen bat apuntatzen bada zurekin batera, ederto!