Pages

2015/03/31

Sukaldaritza tailerra: txokolatezko bizkotxoa

Apirilaren 24an txokolatezko bizkotxo gozoa egingo dugu Gizarte eta Kultura Etxeko bigarren solairuan arratsaldeko bostetatik zortzietara, astirik egongo da jateko lasai ere! Emaitzak baloratu behar ditugu, ezta? 

Izena emateko klikatu hemen edo idatzi mezu bat: bermeoberba@gmail.com eta 607 609 580. Ordainduko ditugu hiru euro osagaiak erosteko baina ez da behar besterik, nahi baduzue, ekarri etxetik amantala edo arropa babesteko eskutrapuren bat eta bizkotxo zati bat gorde nahi baduzue ekarri edukiontzi txikiren bat.

Meriendarako proposamenak onartzen dira; bizkotxoa bertan egingo dugu, iaz egindako gailetak ekarri adibidez, aurreko tailerreko emaitzak ere dastatzeko; edo etxean gozo-gozo egiten dakizuen hori, hurrengo tailerretarako errezetak komentatzeko...

Oraingo honetan bizkotxoa Itziarren errezetarekin egingo dugu, astelehen arratsaldeko taldeko berbalaguna, eskerrik asko Itzi!

2015/03/30

Apirileko agenda

Apirilaren hasieran oporrak, bai, baina hona hemen zuentzako proposamenak euskaraz bizitzeko hilabete honetan: udaberriko azoka, familia tailerra, irteera, sukaldaritza... eman izena #lotsarikgabe.

2015/03/18

Antzerkirako zozketa

Gaur jakin berri dugu Arrastoak antzezlanak irabazi duela XV. Donostia Antzerki Saria eta goizeko berbalagun taldean aukeratu dugu bi pertsonentzako gonbidapena jasoko duen berbalaguna, zozketan parte hartzeko eskatu duzuen guztien artean. Mari Carmenek lagundu digu izena aukeratzen:

Agurtzane joango da ostiralean antzerkira, ondo pasa!

Neguko lehiaketaren irabazlea

Neguko lehiaketan parte hartzeko epea hilaren 5ean amaitu zen eta pasa den ostiralean, origami tailerra aprobetxatuz, erantzun zuzen guztien artean saria zozketatu genuen. 54 erantzun jaso ditugu berbalagun taldeetan, Hizkuntza Eskolan, Irish pubean, kiroldegian eta blogetik bitartez ere, eskerrik asko guztiei zuen erantzunengatik, zuzenak izan edo ez.

Zeintzuk izan dira erantzun zuzenak??
  
1 - Zein herriren omenez jaso du izena Arrantzaleen Museoko areto batek?  Txile.

2 - Zein da askotan gogoratzen duzun berba edo esaera?

Norberak aukeratu du bere gustukoa eta hauek dira erantzunak:
  • Ondo pasa, gutxi gasta eta bueltak amari
  • Inetazia
  • Agur zeuri!
  • Nire ume gozotxue
  • Okasinte
  • Zenbat buru, hainbat aburu
  • Ene bada!! Auntxek pe!!
  • A ze parea, karakola eta barea!
  • Laztana
  • Euskerak egiten gaitu euskaldun
  • Txapela buruan eta ibili munduan
  • Geroa, alferraren leloa
  • Etxean otso, kalean uso
  • Beleak zozoari ipurbeltz
  • Kalean uso eta etxean otso
  • Non gogoa han zangoa
  • Etxe kalte, kanpo eder.
  • Bueltatxu bat lameriri
  • Hau dok e!
  • Nolako zura halako ezpala
  • Gutxi gora behera
  • Holako markarik!!
  • Zer ikusi, hura ikasi
  • Bostak eta iluna, txerria hiltzeko eguna
  • Berbalapiko
  • Izan liteke
  • Madarikatua!
  • Itxasupetekoa
  • Txo!
  • Eingolekidot…
  • Hor konpon Marianton
Hauetariko bati buruz galdetuko dugu udaberriko lehiaketan: apirilaren 20tik maiatzaren 14ra.

3 -  Gogoratzen duzu herriko lehenengo trenaren izena? Isabel. Askok idatzi duzue honen erantzunari buruz zerbait: tren osoa ez, makina izan zela Isabelita, adibidez.

4 -  Amaitu esaera:         Goiz gorri, arrats..........euri.
 

Irabazlea izan da Iranzun Bilbao eta askotan gogoratzen duen esaera da:
Etxean otso, kalean uso

Saria cd bat eta liburuxka izan da, zorionak Iranzun!

2015/03/17

Antzerkira etorri

Ostiral honetan antzerkira joateko aukera emango dizuegu #lotsarikgabe, 19. Korrika kulturalaren barne:
“ARRASTOAK” DEJABU PANPIN LABORATEGIA
Bermeoko Kafe Antzokian / gaueko 9:00etan
Zuzendaritza eta gidoia: Dejabú panpin laborategia
Antzezleak: Miren Alkala, Urko Redondo, Iñigo Aranbarri, Ainara Gurrutxaga

Sinopsia: Lurrek ez du sekula bere amari buruz galderarik egin. Arrastorik utzi barik alde egin zuen etxetik bera txikia zenean. Ordutik bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aitarekin, erantzunak bilatzeko astirik barik.

Orain amaren gorpua hilda agertu da eta galderak hasi dira berriz borborrean. Memoriaren zulo ezkutuenetan uste zuen sentimendu eta munstroei egin beharko dio aurre Lurrek, nahi eta nahi ez.

Zer egin behar duzue gonbidapenaren zozketan parte hartzeko? 
- Deitu 607 609 580, edo bidali mezu bat (SMS, watsap...nahi duzuena)
- Bidali mezu bat bermeoberba@gmail.com helbidera
- Facebook bitartez jakinarazi
- Dinamizatzaileari esan.
Noiz? Gaur edo bihar goizeko 10ak baino lehen.

Gonbidapena bi pertsonentzat izango da eta zozketatuko dugu interesa adierazi duzuen guztion artean biharko taldean, goizeko 10:30ean Akatzen, etorri eta goizeko kafea elkarrekin hartuko dugu bide batez!

Oheko tapakiaren zozketa

Pasa den larunbatean Gernikako Arrien aurrean zozketatu zen eskuz jositako oheko tapakia, zuetariko askok lagundu duzue josten, boletoak saltzen eta erosten, dena 19. Korrikaren alde. Patchwork teknika erabiliz josi genuen eta lan itzel honen arduradunak, Marijek, lagundu zigun zozketan ere. Argazkian ikusten duzue zenbaki sariduna atera zen momentua: 

 

0297
Bermeoko Bed´s dendan saldutakoa da eta laster entregatuko dugu, honen berri ere izango duzue. Eskerrik asko proiektu honetan azarotik hona parte hartu duzuen berbalagun guztioi, aurten josten ere #lotsarikgabe!

Origami tailerra: kronika

Pasa den ostiralean origami tailerra izan genuen arratsaldeko seietatik aurrera Kulturetxeko bigarren solairuan. Oso puntual hasi ginen, Montsek dena prest zeukan eta gogoz hasi ginen azalpenak entzuten. Lehenengo eta behin proba modura lortu genuen panpintxoa, tolestu eta buelta, zentimetroz zentimetro papera neurtuz... eta konturatu ginen ez zela izango hain zaila.

Batzuk trebeagoak, beste batzuk laguntza eskatuz, guztiok adi eta gustura lanean. Konturatu barik gaueko bederatziak ziren eta bukaeran oso harro nahi izan genuen erakutsi orrimarkagailu galanta, norberak bere estiloaren arabera apainduta. Santi etorri zen azkenean, ordua zela eta pintxopotean jarraitzeko, origami tailerraren atzean Montserekin besteren bat etorriko da ziur, partaide guztiak honetan bat datoz tailerra eta gero egindako balorazio azkarrean.

https://drive.google.com/file/d/0B9aKaiVnQrDpMjV6SXdZQ1dqbE0/view?usp=sharingMontsek prestatu digu tailerreko azalpena, klikatu irudian eta irekiko zaizue, hurrengo egun baten beste orrimarkagailu bat origami teknikaz egin nahi baduzue arazorik ez izateko, Montse barik ez da erreza gero!

 

hurrengo tailerrera arte!

2015/03/11

Bermeon ere txapa emateko prest

Bermeon ere bagabiltza euskaraz #lotsarikgabe eta egunotan honelako txapak ikusiko dituzue, hurbildu berbalagun talde batera eta eskatu zure txapa, asteko egun guztietan daukazue berbalagun talderen bat aukeran, gogoratu:

5:15ean   -   lameran  (Irish) - astelehenetan

5:30ean  -   erreten -  astearteetan (martitzenetan) 

10:30ean  -  lameran (Akatz)   -  asteazkenetan (eguaztenetan)

6:30ean  -  lameran (Irish)  - ostegunetan  (eguenetan)

9:30ean eta 5:00etan  -  lameran  (Irish / Akatz) -  ostiraletan (barikutan)


Trenean, portuan, hondartzan, mendian, soloan....eguzkitan, euripean... Emango dizuegu txapa euskaraz #lotsarikgabe!

2015/03/10

Aste honetan...

Bi aste barru Korrika, eta bitartean badago zer egin euskaraz #lotsarikgabe:

Gaur arratsaldean Gernikako Elai Alai aretoan bertso saioa, pasa den astean saio didaktikoa izan zen eta gaur igarriko ditugu emaitzak, ez galdu aukera eta parte hartu arratsaldeko zazpi eta erdietan;

Etzi Bermeoko udal liburutegian Unai Elorriaga arratsaldeko 7etan: Iazko hezurrak;

Ostiral arratsaldean origami tailerrean egongo gara, plazak bete dira dagoeneko, laster erakutsiko dizkizuegu orrimarkagailuak;

Larunbat goizean Kabidxen telp tailerra, bereziki gazteei zuzenduta aurten, saio bitan;

Larunbat eguerdian Gernikan egongo gara oheko tapakia zozketatzeko, Arrien aurrean ordu batean, sasoiz zabiltzate boletoak erosteko: eskatu berbalagun taldekoei, aek euskaltegian, edo erosi Akatz lamerako kafetegian eta Bed´s dendan, aste honetan izan beharko!

Igande goizean mendirako plana daukagu Sollube 707 mendi taldearekin, goizeko bederatzietatik aurrera herriko auzoetatik zehar, gaurko eguraldi ona mantentzen bada askoz hobeto, ezta? Igande eguerdian kalean egongo gara Korrikaren aldeko diru bilketan, Korrikako arropa, petoak, txapak... saltzen.

Eta hurrengo asterako? Bidali zuen planak eta argitaratuko ditugu, hona hemen pasa den ostiraleko aurkezpenaren argazkia, eskerrik asko arropa desfilean parte hartzearren!


2015/03/05

Etorri ikustera


Badago ikusgai Bermeoko Bed´s dendan eskuz jositako oheko tapakia, etorri ikustera!  
 
Askok erosi dituzue zozketarako boletoak egunotan baina oraindik ez duzue ikusi zozketatuko den tapakia, oso ondo geratu da, zorroa eta guzti, eskerrik asko Irune, dendara joango gara ikustera! 
Gogoratu zozketa datorren astean izango dela, Gernikan eguerdiko ordu batean, Arrien jatetxearen aurrean hilaren 14an, eskerrik asko boletoak saldu eta erosi dituzuen guztioi, laster jakingo dugu irabazlea nor den .


2015/03/02

Aste honetan...



Ostegunean amaituko da epea neguko lehiaketan parte hartzeko, orain kiroldegiko tabernan ere har dezakazue fitxa, bete eta postontzian utzi, eskerrik asko Cristian!!




Gogoratu aste honetako hitzorduak: ostegunean bertan, Gernikan Jon Arretxerekin solasaldia arratsaldean, 

ostiral arratsaldean Korrika aurkeztuko da Kafe Antzokian eta 

umeentzako antzerkia Nestor Basterretxean,

larunbat goizean Yolanda Arrietarekin saioa goizez Kabidxen 

eta igandean ikastolaren eguna denez Korrikako arropa erosteko aukera. 

Guraso batek bidali dizkigu Arrantzaleen museoan egindako tailerraren argazkiak, oso gustura egon ziren umeak eta helduak, familian gozatzeko aukera ona herritik irten barik.

Zuek ere bidali zuen eknitzetako informazioa, kartelak, argazkiak... euskaraz bizitzeko #lotsarikgabe.