Pages

2016/12/23

Ondo amaitu urtea eta hobeto hasi

Aste honetan lotu barik ibili gara, batzuk eskulanetan, beste batzuk Bilbora, gehienok herrian bertan eta atzo agurtu genuen elkar datorren urtera arte. Urtarrilaren bederatzian hasiko gara berriro, bitartean ondo pasa, gutxi gasta, #praktikatuetabizi.


2016/12/21

Eskulanetako tailerrak: azken kronika.


https://drive.google.com/drive/u/0/folders/0B9aKaiVnQrDpYnhNdnROOUxSNEEAbenduan Gabonetarako eskulanak prestatu ditugu eta heldu dira Gabonak konturatu barik. Oso ondo aritu dira gurasoak, helduak, nerabeak eta umeak apaingarri desberdinak egiten Montseren aholku eta laguntzarekin.

Montsek bidali dizkigu azalpen guztiak blog honetan argitaratzeko, klikatu iruditxoetan eta irekiko dira, mila esker Montse!


Aste honetan amaitu da eskulanetako tailerra, astelehenean azken apaingarriak jarri arbolan eta giro onean erakutsi genituen eskulanak, norberaren estiloan bukatuta. Zuetariko batzuk etxean hasi zarete antzekoak egiten, ondo ikasi duzuenaren seinale, eta argazkiak bidali dizkiguzue.

Beste batzuk gehiagorako gogoz geratu zaretela adierazi duzue eta oporretatik bueltan kontaktatuko dugu beste eskulanen bat egiteko, tailerrari jarraipena emateko eskulanetako taldean. Horretarako Montsek ere esan digu prest dagoela, geratu zaigun materialarekin beste zerbait egitea proposatuko digu eta.

Azken finean, buru belarri ibili zarete eskulanak egiten, Gabonei buruz hitz egiten eta helburua bete dugu, betiko moduan, #praktikatuetabizi.

Bihar azken topaketa

Bihar arratsaldean elkartuko gara urteko azkena egiteko eta aprobetxatuko dugu Euskaraz bizi nahi dut eguneko film labur batzuk ikusteko berbalagun gelan (Atalde 17). Lameran geratu gara seietan berbalagun gelara elkarrekin joateko, batzuk oraindik ez zarete inoiz egon eta. Bide batez, nahi duzuena ikusiko dugu: aurtengo bideo eta argazkiak, blogeko sarrerak, zuen interesekoa. Horretarako zazpi eta erdietara arte egongo gara han, gutxi gora behera, eta agurtzeko hartuko dugu azkena momentuan erabakitzen duzuen lekuren batean, zuen pentsura. Etorri nahi duzuenean, parte hartu, #praktikatuetabizi.

Zozketaren irabazleak Igelak ikusteko

Pasa den ostegunean zozketatu genituen sei sarrera Igelak ikusteko Bermeoko Nestor Basterretxean eta arratsaldeko seietan elkartzen den taldekoak izan ziren laguntzaileak zortedunak aukeratzeko. Mari Carmen Guerra, Reyes Gonzalez eta Miren Goienetxea izan ziren sarrera biren irabazleak eta kontatu digute pelikula asko gustatu zaiela, aukerarik baduzue, joan zinemara eta ikusi. Mirenek era berezi batean eskertu nahi izan digu aukera eta irudian ikusten denez sarreraren argazkia bidali digu. Zinera zoaztenean ere #praktikatuetabizi.

2016/12/15

Gurasolagunak ere eskulanetan


Atzo arratsaldean geratu ziren gurasolagunak Montserekin eskulanak egiteko, oraingo honetan Gabonetarako etxetxu berezia. Montsek azalpenak bidali dizkigu, beste batean egin nahi baduzue eskulan bera. Irekitzeko, klikatu hemen...+.
Bi orduko tailerra izan zen eta oso gustura aritu ziren guraso eta seme-alabak elkarrekin, nagusiek eta txikiek elkarri lagunduz.
Amaitu zenean, berriro errepikatzeko gogoz joan ziren. Gabonetan oporrak baina bueltan beste tailerren bat antolatuko da, familian ere #praktikatuetabizi.

Hitzan irakurri....+

2016/12/14

Gabonetako arbola: bigarren tailerra

Astelehenean jarraitu genuen Gabonetako arbola lantzen. Guztiak lehortu eta gogortu ziren oso ondo, eguraldiak lagun, eta apaintzeari ekin genion. Lehenengo eta behin Montseren azalpenak entzun, adi-adi, eta gero entzundakoa praktikan jarri, norberak bere arbolan.
Ohi bezala, ez da gauza bera praktikan jartzen dugunean eta han ibili ginen batek besteari aholkuak ematen, laguntzen, probak egiten....azken finean #praktikatuetabizi. Gaur arratsaldean gurasolagunen txanda, etorri buelta bat ematen!

Igelak ikusi nahi?

Bermeoko Euskera Sailak gonbidatzen gaitu zinera asteburu honetan. Nahi baduzue joan, esan izena eta bihar arratsaldean zozketatuko ditugu hiru sarrera bikoitz, zorte on!

Ordutegia aukeran: 
Abenduak 16, barikua, 22:00
Abenduak 17, zapatua, 19:30/22:00
Abenduak 18, domeka,19:30
Abenduak 19, astelehena, 16:30/19:00/21:30 

Zinean ere #praktikatuetabizi

2016/12/12

Eskulanak egiten

Pasa den astelehenean hasi ginen eskulanak egiten eta gaur arratsaldean jarraituko dugu bost eta erdietatik aurrera euskal gunean, Gabonetako arbola elegante amaitu arte, pasatu nahi duzuenean ikusteko, komentatzeko,... zortzietara arte han egongo gara. Lehenengo fasean kartulinazko konoa montatu genuen eta plastikoz estali genuen gero kolaz bustitako hariz ondo inguratzeko horizontalean, bertikalean eta azkenez diagonalean. Lehortzen utzi ditugu gaur jarraitzeko, ondo gogortu arte ezin ditugu apaindu eta.


Gogoratu etzi gurasolagun tailerrean beste eskulan bat egingo dugula, Gabonetan argia ipintzeko, leku eta ordu berean. Etorri, parte hartu, #praktikatuetabizi.

2016/12/05

Udazkeneko lehiaketaren erantzunak eta irabazlea


Azaroaren 25ean amaitu zen epea lehiaketan parte hartzeko eta 134 lagunek erantzun duzue, eskerrik asko guztiei zuen parte hartzearren. Lehenik eta behin argituko ditugu erantzunak:
1.- Berbalagunon aurtengo leloa da Praktikatu eta Bizi
2.- Lotu:
                   Ogi gogorrari, hagin zorrotz  (C)
                   Nekeetan, irria ezpainetan      (G)
                   Astoak mandoari, belarri handi    (E)
                   Zozoak beleari, ipurbeltz        (F)
                   Ezina, ekinez egina         (A)
                   Non gogoa, han zangoa      (B)
                   Gogoko lekuan, aldaparik ez       (D)

Batzuk lotura interesgarriak egin dituzue, adibidez, gogoko lekuan irria ezpainetan eta nekeetan aldaparik ez; ogi gogorrari irria ezpainetan eta nekeetan hagin zorrotz....oso ondo saiatu zarete eta ontzat eman ditugu guztiak, zentzuzkoak izan dira eta.
3.- Errigorako saskiak izan dira aurten beltzak edo zuriak.
4.- Kartela hainbat lekutan ikusi duzue, bat baino gehiagotan adierazi duzue bakoitzak.


Errigorako saskien banaketa egunean zozketatu zen saria parte hartu duzuen guztien artean, Iratze eta Estherren laguntzaz, eta irabazlea izan da Lierni Rementeria (eskerrik asko Anabel erretratuengatik). 


Zapatuan etorri zen Lierni Euskaraz bizi nahi dut ekitaldira eta euskara teknikariak Maite Alvarez de Zaratek entregatu zion lamerako kioskoan, zorionak!

Egun ederra izan da euskararen nazioarteko eguna, goizetik goiz mendi ibilbideaz hasi eta eguerdian ekintza eta adierazpen ezberdinez lameran. Omenalditxo berezi bat egin genien Ipuin Lapikoko lagunei, ondo merezita, eta amaieran familiako azken argazkia, eskerrik asko guztiei!


Mila esker Ana, egun osoan argazki ederretan Euskaraz bizi nahi dugula jasotzeagatik, argazki galeria osoa bere blogean duzue, Bermeo iruditan...+


Talde berriak

Abenduan hasiko dira talde berri bi, ostiral eguerdian lameran elkartuko da bat, hamabietatik ordu batera, eta gaurtik aurrera eskulanak egiteko beste bat, euskal gunean bost eta erdietatik zazpietara astelehenero. Urtarrilean beste talde batzuk sortzeko aukera egongo da, bota mezu bat momentu honetan daudenak ez badira egokitzen zuen beharrizanetara eta berba egingo dugu: 607 609 580 (Marimar), lortuko dugu #praktikatuetabizi euskaraz.