Pages

2016/04/28

Maiatzeko agenda

Bai ba, amaitu dela apirila eta konturatu orduko maiatzean gaude, hilabete aproposa beste guztiak bezala elkartzeko eta agendan zehaztutako hitzorduetara etortzeko, euskaraz bizitzeko #lotsarikgabe. Izena emateko edota zalantzak argitzeko deitu: 607 609 580.

2016/04/26

Gernikara


 
Gaur izango dira 79 urte arratsaldeko 15:45ean Gernika bonbardatu zutela eta prestatu dugu irteera berezia honen harira: Gernikara joango gara larunbatean mendilagunekin 12 kilometroko ibilbidea egitera eta eguerdian bisita gidatua izango dugu Gernikan bertan. Doan da baina aurretiz izena eman behar dugu.

Goizeko bederatziak laurden gutxiagotan hartuko dugu trena, beraz, 8:40ean geratu gara Bermeoko tren geltokian trena hartzeko eta mendilagunekin elkartuko gara Errenteriko zubian. Bisita amaitu eta gero berriro hartuko dugu trena eta 14:35ean bazkaltzeko Bermeon bueltan. Etorri, parte hartu eta hitz egin #lotsarikgabe.

2016/04/22

Familian euskaraz jolasteko tailerra: kronika

Herenegun geratu ginen berriro gaztelekuan jolasteko eta ondo pasatzeko arratsaldez, euria egin zuen hasteko momentu berean eta barruan egon ginen oso gustura.

Urtxintxako dinamizatzailea heldu bitartean prestatu genuen gaztelekua: aulkiak alboetara, mahaiak atzera, eta heldu zen Irati jolasak eta kantak proposatzeko.


Lehenengo eta behin aurkezpenak egin genituen beti bezala eta dantzan, jolasten eta kantatzen berez joan zitzaigun ordua. Batzuk arinago joan behar izan zenuten baina Irati joan aurretik taldeko argazkia atera genuen, ederto baten oraingo honetan ere!

2016/04/21

Bizitza bizi: solasaldia

Datorren asteko ostegunean arratsaldeko 6etatik aurrera solasaldian arituko gara Gizarte eta Kultura Etxeko hitzaldi aretoan Erik eta GarbiƱek egindako bidaiari buruz, 14 hilabetez Mexikotik Argentinara bizikletaz bidaiatzen. Herrialde asko zeharkatu dute eta pantailan azalduko digute nolako bidaia izan zen, zelan planteatu zuten, non egin zuten lo.....
Baina ez gara joango entzutera, solasaldia izango da eta gure bizipenak elkarbanatzeko aukera izango dugu, solasaldian, arratsaldeko 8etara arte. Sarrera librea da eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea, etorri, parte hartu eta hitz egin #lotsarikgabe.

Ghanari buruzko bisita gidatuan

Herenegun aukera izan genuen Ghanako bizimodua hobeto ezagutzeko, Accra hiriburuko Madina auzoa hain zuzen. Oso erakusketa interesgarria da eta gure asmoa da berriro bisitatzea gaur arratsaldeko 7etan, bisita gidatuaren harira sortu ziren galderak eta elkarrizketekin jarraitzeko.
Igandera arte bisita daiteke 7etatik 9etara eta argazkiek hausnarketara eramango gaituzte, gure bizimodua hangokoarekin konparatuz. Nestor Basterretxean bertan geratu gara gaur berriro, animatu eta etorri #lotsarikgabe arratsaldeko 7etan.
Busturialdeko Hitzan irakurri...+

2016/04/15

Erromeridxerako dantzan

Bermeoko erromeridxe ekainaren 4an ospatuko dugu eta ikasturte honetan azken berbalagun topaketa izango da, hurrengo ikasturtera arte. Egun horretako egitaraua oso zabala izango da baina berbalagunok geratuko gara goiko plazan goizeko 12etan gero frontoiko herri bazkarira joateko. Bazkaltzeko menua izango da paella, karrillerak eta pastela, ardaua eta abarrak barne, data hurbiltzen denean tiketak egongo dira salgai.

Bazkalostean zozketatuko dira gizonezko jantzi bat eta Beds dendan ikusgai dagoen otzara, argazkikoa. Zozketarako boletoak antolaketan diru-laguntzarako dira, euro bakar batean, eta berbalagun taldetan ere izango dituzue, parte hartzeko. Antolatzen laguntzeko hurrengo batzarra izango da apirilaren 28an, arratsaldeko 8etan, kulturetxean.

Erromeridxerako pentsatu dugu dantza batzuk entsaiatzea eta helburu horrekin geratuko gara astelehenero, apirilaren 25etik maiatzaren 30era arte 1.1 entsegu gelan, Gizarte eta Kultura Etxean, arratsaldeko 6etatik 7etara. Gela txikitxua da eta ondo antolatzeko eman izena aurretiz mesedez, doan izango da. Erromeridxerako talde bat egongo da lameran, arratsaldez, eta dantzan animatuko gara guztiok #lotsarikgabe.


Bisita gidatua: Ghana

PAREKIDE elkarteak antolatutako bisita gidatura gonbidatu gaituzte datorren asteko asteartean, hilaren 19an, arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera, Nestor Basterretxea erakusketa aretoan.

Lehen aldia da era honetan antolatzen dutela, Bizkaia eta leku ezberdinetan izango duzue ikusgai, gu Bermeokora joango gara Ghanako bizimoduaz azalpenak entzutera.

Izenburua da "Nire kioskoa, nire etxea" eta geratu gara Nestor Basterretxean bertan bost minutu arinago, 19:25ean. Sarrera librea da, etorri, parte hartu eta hitz egin #lotsarikgabe.

2016/04/11

Udaberriko info! eta lehiaketa


Gaurtik hilaren 29ra zabaltzen da epea lehiaketan parte hartzeko, bete duzuen guztien artean zozketatuko dugu Errigora saria maiatzaren 20an, arrain azoka bisitatzeko aprobetxatuz.

Info! guztia topatuko duzue ohiko lekuetan: euskal gunean, Bermeoko Hizkuntza Eskolan, Kulturetxean, liburutegian eta tabernetan: Irish, Zubigane, Batun Batun, Beleza Malandra, Omago. Han azaltzen da zer egin dugun aurreko hiruhilabetean eta antolatuko duguna aurrerantzean, etorri, parte hartu eta hitz egin #lotsarikgabe.

2016/04/05

Apirileko agenda

Apirilean honako hitzordu hauetan aurkituko gaituzue, gurasolagun tailerra eta solasaldia izango dira hilabete honetan berbalagunok antolatutakoak baina gainontzekoetan ere ibiliko gara #lotsarikgabe.

2016/04/04

Hasi gara

Gaurtik aurrera asteroko taldeak hasiko dira batzen ohiko hitzorduetan,
lehenengoa gaur arratsaldean, bost eta erdietatik sei eta erdietara lameran, Kasinoaren aurrean, eguraldi txarra bada Irish.
Gogoratu edozein momentutan eman dezakezuela izena talderen batean parte hartzeko eta astero elkartuko zarete ordu batez, gutxienez, euskaraz berba egiteko #lotsarikgabe.
Partaideen balorazioa oso ona da, oso gustura daudela adierazi dute aurten ere eta taldera datozenetik eguneroko bizitzan askoz gehiagotan egiten dutela euskaraz. Eskerrik asko bidelagun guztiei, laguntzeko asmotan astero talderen batera zatozten guztiei!