Pages

2016/11/30

Abenduko agenda

Abenduan jaiegun asko egongo dira baina ekintzaz beteta dator agenda, eman izena, #praktikatuetabizi. Antolatu ditugu tailerrak, irteera, opor aurreko topaketa, astero edukiko dugu hitzordu bereziren bat gustukoa egiteko, etorri, parte hartu eta hitz egin.

2016/11/29

Euskararen nazioarteko eguna


Asteburu honetan euskararen eguna ospatuko dugu hitzordu ezberdinetan, denon gustukoa egongo da. Ostiral arratsaldean Kabidxen film laburrak ikusteko aukera, doan, zapietatik aurrera. Zortzietan Nestor Basterretxean helduentzako ipuin kontalaria. Larunbat goizean inguruetatik mendi irteera erraza, 12 kilometro egiteko irtengo gara Taraskatik bederatzietan auzoetatik buelta emateko. Hamaika eta erdietan lameran hasiko dira jolasak, dantzak eta amaieran adierazpena eta guztion erretratoa, eguerdirako. Lehiaketako saria ere emango dugu, Errigorako produktuen saskia, bihar egingo dugu zozketa parte hartu duzuen guztien artean, zorte on!
Egun berean baina arratsaldean, ekintza ugari egongo dira frontoian, herriko ikastolak 50. urteurrena ospatzeko. Zapatuan denetariko egongo da aukeran, ez falta, #praktikatuetabizi.

2016/11/23

Lehiaketarako azken egunak

Azken egunotan leku askotan aurkituko duzue lehiaketarako orritxoa, bete eta topa duzuen leku berean entregatu, edota berbalagunon buzoian, euskalguneko ate postan, utzi nahi duzuenean. Datorren astean zozketatuko dugu Errigora saskia eta abenduaren hiruan saridunari emango diogu lameran, eguerdian.
Bide batez bota begiradatxu bat agendari eta etorri interesatzen zaizkizuenetara, ez da zertan berbalagun taldekoa izan agendako tailer, irteera, topaketetara etortzeko. Nahi baduzue lehiaketan online parte hartu, orritxoa gordetzeko, klikatu hemen....#praktikatuetabizi.

2016/11/22

Gabonetako apaingarriak umeekin batera

Seme-alabekin Gabonetako apaingarriak egiteko tailerra antolatu dugu abenduaren 14rako, eguazten arratsaldeko bost eta erdietatik zazpi eta erdietara arte, euskal gunean. Montse Alonsok azalduko digu arbola apaintzeko eskulan politak zelan egin, familiako eskulana gero norberak etxean horrelako gehiago egiteko.
Gurasolagun tailerretan helduak eta umeak egongo gara elkarrekin gustukoa egiten, umeekin beti #praktikatuetabizi.

2016/11/21

Gabonetako apaingarriak abenduan

Abenduaren 5, 12 eta 19an eskulanak egitea proposatzen dizuegu, hiru eguneko tailerrean Gabonak baino lehen, arratsaldeko bost eta erdietatik aurrera.
Eskulan nagusia Gabonetako arbola izango da, baina ondo lehortzen den bitartean beste apaingarri batzuk egiten ikasiko dugu Montse Alonsorekin. Tailer honetatik eskulanetarako talde bat osatu daiteke, Gabonak eta gero jarraitzeko.
Momentuz zehaztutako hiru astelehenetan parte hartzeko eman dezakezue izena (607 609 580, bermeoberba@gmail.com) eta bakoitzak hiru euro jarriko dugu.
Betiko moduan, tailerra edonorentzat da, animatu ingurukoak, #praktikatuetabizi.

2016/11/18

Miñe Lamiñera gurekin

Azaroaren 26an berriro joango gara Miñe Lamiñera, goizeko 11etatik ordu bietara Kafe Antzokian, geuk eus  kanpainaren hausnarketaren berri izateko eta han jasotako arrazoiei buruz berba egiteko. Amaieran sorpresa txiki bat egongo da, urtero moduan, oraingo honetan Itziar Rekalde ipuin kontalariaren eskutik.

Honez gain, eguerdian dantza egiteko aukera izango dugu lameran edo Taraskako arkupetan, euria balitz, eta ikastaro labur bat emango digute Alkartasuna dantza taldekoek buruko zapia ondo jartzen ikasteko. Plan ederra!

Hurrengo egunean goizeko 12etan leku berean aurkeztuko da ume jaioberrien liburua, jai giroan hau ere.

Miñe Lamiñera nahi baduzue etorri, eman izena udal Euskera Sailean edo bete beheko formularioa, doan da baina aurreikusi behar da zenbat izango garen, antolatu ahal izateko. Etorri, parte hartu eta hitz egin herrian, #praktikatuetabizi.



2016/11/16

Korrikarako josten hasiko gara bihar

Badator 20. Korrika eta hasiko gara oheko tapaki ederra josten auzolanean, Korrika heltzen denean zozketatzeko.
Animatzen bazarete josteko taldera, bihar elkartuko da Gernikako kultur etxeko bigarren pisuan, lehenengo aldiz, lana azaltzeko eta banatzeko. Bat, batzuk, zuek ere #praktikatuetabizi.

Sare sozialak Iraitz Madariagarekin: kronika

Atzoko hitzaldia oso interesgarria izan zen, hasierako zailtasun teknikoak gainditu eta gero (eskerrik asko, Santi eta Iñaki!), Iraitzek azaldu zigun sare sozialak zer diren eta erabilerari buruzko datu eta bitxikeri batzuk, ideia egiteko.
Geroko tertulian azaldu zenez, honetan etorkinak gara eta ondorio moduan ados egon ginen guztiok erabilera onaren dekalogoa behar-beharrekoa dela, baita lanerako tresna denean ordutegiak arautzea.
Saio emankorra benetan, Iraitzek eskaini du bere burua berriro honelako bat antolatzeko, zortzi eta erdietan gehiagorako gogoa zegoen eta zintzo amaitu behar baina beste batean jarraituko dugu sakontzen, gaiak ematen du eta.
Atzoko aurkezpena eta askoz gehiago Iraitzen blogean...+
Mila esker Iraitz!

2016/11/09

Bat dator...batzuk, zuk ere

Badator 20. Korrika, gaur aurkeztu da Otxandiotik Iruñera 2017ko martxoaren 30ean abiatuko dena eta zuk ere bat egin dezakezu, mundu unibertsalagoa sortzera gonbidatzen gaitu.

Indar bat, bizipoz bat, #praktikatuetabizi.

2016/11/07

Udazkeneko lehiaketa eta info!

Udazkena heldu da bete-betean eta lehiaketan parte hartzea proposatzen dizuegu, azaroaren 25a baino lehen. Parte hartzen duzuen guztien artean Errigora saski bat zozketatuko dugu eta erantzun zuzenak hemen bertan, blogean, aurkituko dituzue azaroaren 28an. Bide batez aurreratzen dizuegu urte amaiera honetan aurreikusten duguna, animatu parte hartzen, berbalagun taldekoa izan ala ez berdin, gurekin #praktikatuetabizi.

Nahi baduzue, paperean bete, esku-orriak herriko leku askotan aurkituko dituzue eta han entregatzeko aukera izango duzue, bestela behekoa bete eta bidali, oso erreza da!

2016/11/05

Azaroko taldeak

Hona hemen azaroan elkartuko diren taldeak: topagunea, asteko eguna eta ordutegia. Berbetan hasteko lasai, eroso, lagunen artean, eman izena nahi duzunean eta etorri talde batera. Hiru edo lau lagun elkartzen bazarete beste egun edota ordutegi batean, talde berri bat sortuko dugu eta taulan agertuko da, ez dago inolako arazorik talde berriak martxan jartzeko. Era berean, aste batzuetan ezin bazarete etorri, abisatu baino ez duzue egin behar. (607 609 580)  Nahi duguna da #praktikatuetabizi.