Pages

2015/05/29

Opor aurreko topaketa

Ikasturteko azken topaketa izango dugu datorren ostiralean, ekainaren bostean, iluntzeko zortzietatik aurrera lameran.

Gaur arratsaldean, bostetako taldean, aukeratuko dugu udaberriko lehiaketaren irabazlea eta laster jakingo dugu Alaine Agirreren liburua norentzat izango den.


Gogoratu ekainean amaituko direla urteko taldeak baina izena eman duzuenez, talde bat mantenduko da udan zehar, uztailaren 1etik aurrera, asteazkenetan. Aprobetxatu opor aurreko topaketa udako taldean izena emateko eta berbalagunak ezagutzeko, #lotsarikgabe ikasturte amaieran ere.

2015/05/27

Ekaineko agenda

Badatoz jaiak, irteerak, erromeriak, erakusketak... eta udako giroan, ez galdu aukera euskaraz bizitzeko!

2015/05/26

Udan ere!

Ikasturtea amaitzearekin batera, talde batzuk desagertu egiten dira; beste batzuk, aldiz, partaide berriak hartu eta birsortu egiten ditugu.

Zure taldea horietakoa bada, edo orain arte gure programetan parte hartzerik izan ez baduzu, udan ere gurekin praktikatzeko aukera zabaldu nahi dizugu.

Eman izena edo bete fitxa hau ekainaren 19a baino lehen.

Lehenengo taldea sortu da asteazkenetan, iluntzeko zortzi eta erdietatik aurrera, eta geratu dira lameran, Kasinoaren aurreko bankoan, uztailaren batean.

Printzipioz taldea mantenduko da asteazkenero abuztuaren 26a arte eta salbuespenak izango dira jaietako egunak (Madalen eguna, adibidez) baina kasu honetan taldekoek adostuko dute eguna edo ordua aldatzea. Taldean izena emateak eskatzen du asistentzia eta puntualitatea, uda honetan ere euskaraz eta doan!

Aizu!-n irakurri...+

2015/05/12

Mintzaeguna

Maiatzaren 30ean Beran elkartuko gara mingainak dantzan jartzeko #lotsarikgabe, egun osorako egitaraua prestatu digute, bazkaria eta guzti, orain geuk zehaztu behar dugu gainontzekoa: zenbat lagun goazen, autobusez edo kotxez....

Horretarako eman izena betiko moduan, bermeoberba@gmail.com helbidean edo 607 609 580 telefono zenbakian, 25a baino lehen. 

Gehiago irakurri nahi? Jarraitu ..... +

2015/05/08

Familian euskaraz jolasteko: gurasolagun tailerraren kronika



 
Atzo arratsaldean elkartu ginen gurasolagunok berriro euskaraz jolasteko, hirugarrenez ikasturte honetan, Aitor Urtxintxako lagunarekin. Tailerra hasi aurretik zozketatu genuen antzerkira joateko gonbidapen bikoitza eta tokatu zitzaion Josu Berbiz Larrabaster berbalagunari, ondo pasa Josu!


Gaztelekuan hasi ginen jolasten seietan, betiko aulki jokoan baina aldaketa txiki batez, aulkia kentzean lagun bat kanporatu ordez altzotan hartuz. Bide batez, kantak ikasi genituen eta tailerraren amaieran Aitorrek banatu zituen cd-ak kantak entzuteko eta hobeto ikasteko etxean, kotxean, urtebetetzeetan...


Hurrengo jolasa izan zen zaldiarena, elkar hobeto ezagutzeko eta norberaren ama edo aitaren alboan ez egoteko lotsati. Aulki jokoan begira geratu nahi izan ziren bakan batzuk jolas honetan animatu ziren zalantza barik parte hartzen.
 
Oso arratsalde eguzkitsu eta beroa zenez, kanpora joan ginen plaza kolorez betetzeko. Musika eskolatik eta gainontzeko ikastaroetatik irteten ziren lagun txiki askok eskatu zuten orduan baimena gurekin jolasteko eta baietz, zelan ez. Taldea gero eta handiagoa egin zen eta hurrengo jolasean trebe aritu ziren sorosleak igeri egiten zutenak salbatzen, krokodiloak izterretatik tiratzen zuenean.

 Gomatan eta soka saltoan bukatu genuen jolasaldia, zazpi eta erdiak jota taldeko argazkia egin genuen eta Aitor agurtu genuen, hurrengoan ikusteko gogoz, ze arin pasatu zen arratsaldea jolasten eta kantatzen #lotsarikgabe, eskerrik asko Aitor!