Aste biko etenalditxoa eta gero hasi gara berriro martxan. Opor aurreko topaketan zozketatu genuen neguko lehiaketako saria, Errigorako olioa, eta sariduna da Rebeca Rizo, zorionak!
Errigorako olioa etzi helduko da euskaltegira, hilaren 11n iluntzeko zortzietatik aurrera pasa gaitezke jasotzera eta gogoratu momentuan ordaintzen dugula. Rebecari ostegunean entregatuko diogu, arratsaldeko zazpietan euskaltegi aurrean, animatu eta etorri!
97 erantzun jaso ditugu, eskerrik asko guztiei parte hartzearren! Hilaren 23tik aurrera udaberriko lehiaketa abiatuko dugu eta maiatzaren 21era arte zabalduko da erantzuteko aukera. Neguko lehiaketan honako hauek izan dira erantzun zuzenak:
1.- Lotu:
Itsaso guztiak igaro eta bazterrean ito, D.
Jaten duten santuekin ez dago fidatzerik, F.
Sua eta ura, belaunez behera, A.
Txapel dotorea eta buru hutsa, B.
Zenbat ate, hainbat maratila, G.
Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau, C.
Arbola ustelean, egurra aise egiten, E.
2.- Bermeoko harresiaren zazpi ateetatik, zutik mantentzen den bakarra San Juan portale da.
3.- Akatz aldizkaria 2004an argitaratu zen azkenekoz.
4.- Zuen lekurik gogokoenak Bermeon portu zaharra eta inguruak izan dira, baita irabazlearena ere, herriko Tala.
Datorren asteko barikuan geratuko gara arratsaldeko bostetatik aurrera lameran elkar agurtzeko oporrak pasa arte. Hilaren 23tik apirilaren 9ra bi asteko eten laburra egingo dugu eta bederatzitik aurrera hasiko gara berriro elkartzen. Etorri topaketara, parte hartu, #praktikatuetabizi!
Hurrengo irteera hilaren 24an izango da, 09:00-14:00 bitartean, eta 21a izango da azken eguna izena emateko. Oraingo honetan ibilbide zirkularra proposatzen zaigu Itxinako hainbat txoko eder eta ezkutu ezagutzeko. Inguru harritsua leuntzeko bertsolariek, bertsoz bertso, girotuko dute zeharkaldi osoa.
Norentzat: mendian ibiltzera ohituta daudenentzat.
Distantzia: 11 km
Desnibela: 450 m
Trak-a: wikiloc.com
Beharrezkoak:
- Ura eta mendiko botak
- Argi frontala
Hamaiketakoa: komeni da eramatea.
Izena emateko, klikatu hemen +. Praktikatu eta bizi!
Aiaraldeko berbalagunek udarako proposamena egin digute: Gorbeiako aterpean uztailaren bitik seira pasatzea, bost eguneko egonaldian. Asmoa da guztion artean taldea osatzea eta, bide batez, udarako eskaintza desberdina zuen eskura jartzea praktikatu eta bizitzeko. Betiko moduan, lagun eta ezagunak gonbidatu zuekin euskaraz bizitzera. Informazio osoa zabaltzeko, klikatu hemen +.
Zalantzarik baduzue edo izena emateko, jarri kontaktuan helbide honetan: aiaraldea@aek.eus