Pages

2014/11/10

Nire bidaia: danbor hotsak Afrikatik

 Datorren asteko ostiralean Afrikara joango gara Itxasoren bidaiaren bitartez:
“Zuek erlojuak izango dituzue, baina denbora geuk daukagu”. Esaldi honekin hartu ninduen Afrikak bere beso artean, eta esaldi honekin laburbildu zidan bere esentzia; iturririk gabe ozeanoak edango nituen, libururik gabe ikasketarik garrantzitsuenak barneratu, oinetakorik gabeko ibiltaririk apartenak ezagutuko nituen, elikagai faltaz puzturiko sabelak ukitu.
 Guztia eta ezereza oparitzen dizkizu haur bihotzdun erraldoi honek: Irribarreak eta gosea. Danbor hotsak eta malaria. Itxaropena eta korrupzioa. Uholdetan itotako lehorteak. Kontraesan superlatibo batek deskribaturiko unibertso xelebrea. Kolorerik izatekotan, zalantza izpirik gabe (edo izpi ugarirekin, hobeto esanda) eguzkiaren soineko laranja da nagusi bere lurrazalean, bere itsasoetan, bere erritmo beroetan, bere keinu loratuetan, bere etsipena eramateko modu alaian.
 Afrikan ez dago minuturik, ez dago ordurik. Afrikak oraina eskaintzen dizu; eta hobe zenuke bere ofrenda gazi-geza onartu, eskain dezakeen bakarra izan daitekeelako.
Etorri arratsaldeko sei eta erdietan hitzaldi aretora (Gizarte eta Kultura Etxea, hirugarren solairua) eta Afrikara joango gara #lotsarikgabe!

No comments: