Atzo arratsaldean elkartu ginen gurasolagunok
berriro euskaraz jolasteko, hirugarrenez ikasturte honetan, Aitor Urtxintxako
lagunarekin. Tailerra hasi aurretik zozketatu genuen antzerkira joateko gonbidapen bikoitza eta tokatu zitzaion Josu Berbiz Larrabaster berbalagunari, ondo pasa Josu!
Gaztelekuan hasi ginen jolasten seietan,
betiko aulki jokoan baina aldaketa txiki batez, aulkia kentzean lagun bat
kanporatu ordez altzotan hartuz. Bide batez, kantak ikasi genituen eta
tailerraren amaieran Aitorrek banatu zituen cd-ak kantak entzuteko eta hobeto
ikasteko etxean, kotxean, urtebetetzeetan...
Hurrengo jolasa izan zen zaldiarena,
elkar hobeto ezagutzeko eta norberaren ama edo aitaren alboan ez egoteko
lotsati. Aulki jokoan begira geratu nahi izan ziren bakan batzuk jolas honetan animatu
ziren zalantza barik parte hartzen.
Oso arratsalde eguzkitsu eta beroa zenez,
kanpora joan ginen plaza kolorez betetzeko. Musika eskolatik eta gainontzeko
ikastaroetatik irteten ziren lagun txiki askok eskatu zuten orduan baimena
gurekin jolasteko eta baietz, zelan ez. Taldea gero eta handiagoa egin zen eta
hurrengo jolasean trebe aritu ziren sorosleak igeri egiten zutenak salbatzen, krokodiloak
izterretatik tiratzen zuenean.
Gomatan eta soka saltoan bukatu genuen
jolasaldia, zazpi eta erdiak jota taldeko argazkia egin genuen eta Aitor agurtu
genuen, hurrengoan ikusteko gogoz, ze arin pasatu zen arratsaldea jolasten eta
kantatzen #lotsarikgabe, eskerrik asko Aitor!
No comments:
Post a Comment