Pages

2020/12/23

Olentzero bihar...baina geurean opariak arinago!

Azken egunetan oparitxo batzuk banatu dira geurean...oso ondo portatu garelako seinale, ezta?

Opariak Begorentzat, zozketan egokitu zaizkiolako, oparia Aizbearentzat, Egunean Behin lehiaketako taldean irabazlea izan delako, oparitxoa berbalagun taldetako berbalagun bakoitzari urte berezi honetan paseoan ibiltzeagatik hain aldarte onean....eta ez kezkatu, ez baduzue zuen oparitxoa jaso, urtarrilaren 7tik aurrera berriro hasiko gara elkartzen eta helduko zaizue zuena, oparitxo bana prestatu dugu-eta. Ondo amaitu urtea, hobeto hasi datorrena, praktikatu eta bizi!

2020/12/16

Udazkeneko lehiaketa: erantzunak eta irabazlea


Gaur entregatu diogu Errigorako saria udazkeneko lehiaketaren irabazleari, Silvia Rodriguez berbalagunari, zorionak!!

100 pertsonak hartu dute parte oraingo lehiaketa honetan, eskerrik asko guztiei parte hartzeagatik. Hurrengoak izan dira erantzun zuzenak:

  1. Lotu hasiera amaierarekin, bere zenbakia idatziz:

  1. Gazteak baleki                  5 beti bildots

  2. Adiskide onekin                 7 negua gero

  3. Azaroa hotz                      2 orduak labur

  4. Ametsik gabeko bizia        1 zaharrak baleza

  5. Ardi txikia                        3 negua motz

  6. Askoren mina                   4 izarrik gabeko gaua

  7. Azaroa bero                     6 tontoen atsegina

  1. Amaitu esaldia: Euskaraldia gehiago, gehiagorekin, gehiagotan.

  1. Non dago argazkiko kanpaia? Gaztelugatxen

  2. Zein izango da zure rola aurtengo Euskaraldian? Ahobizi edo belarriprest, norberak aukeratutakoa.

Hurrengo lehiaketa otsailean izango da, parte hartu, praktikatu eta bizi!


2020/12/09

Urtea agurtzeko topaketa online


Urte amaiera laster eta datorren astean elkartuko dira azken taldeak, abenduaren 18tik urtarrilaren 8ra ez gara egongo aurrez aurre berbalagunok. Dena den, etenaldi labur horretan modu birtualean elkartzea proposatuko dizuegu abenduaren 21ean, astelehenean, arratsaldeko zazpietatik zortzietara, online.

Bilatu aurikularrak, mikrofonodunak badira hobe, jarri pantaila horizontalean eta sartu gure Jitsira: Bermeokoberbalagun2020-2021. Badakizue, ez baduzue beste inor ikusten, edo leiho txiki-txikietan agertzen bagara, mosaiko ikuspegia aukeratu!

Topaketa birtualean ez dago inongo mugarik, etorri, praktikatu eta bizi!

2020/12/02

Bazatoz portura?


Paseoan ibiltzeko talderen batean izena eman nahi baduzue, hurbildu, idatzi edo deitu: 607 609 580. Lameran geratzen dira taldekideak portura joateko asteazkenetan eta ostiraletan, goizez zein arratsaldez, aukeratu taldea eta eman izena, praktikatu eta bizi!

2020/11/12

Erlauntza pelikula ikusi nahi?


Asteburu honetan Erlauntza (nagusientzako filma) estreinatuko da Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan eta 6 sarrera dauzkagu zuentzat. Sarrera nahi baduzue, helarazi zuen izen abizenak eta zineko leihatilan izango duzue sarrera zuen zain. Lehenengo sei lagunek pelikula ikusiko dute, eman izena!

2020/11/09

Udazkeneko lehiaketa 2020


Udazkenean gaude bete-betean eta gure lehiaketa erraza abiatu dugu gaurtik azaroaren 20ra arte. Aurten inoizkorik era gehien dauzkazue lehiaketan parte hartzeko:
  • Bermeon, zer? Etxera heldu den agendaren azken orria bete eta argazkia egin.


  • Deskargatu: klikatu hemen, bete eta deskargatu orri betegarria edo gorde erantzun eta gero.

  • Orria hartu Kultur Etxean, Euskal Gunean, Bermeoko Hizkuntza Eskolan, AEKn, Gotzon Garitaonaindian edo udaleko Euskera Sailean eta bete.

  • Beheko formularioa bete blog honetan edo sare sozialetan.


Bete eta gero, ez ahaztu guri bidaltzea! Zelan?

  • Orria entregatu hartu duzun leku berean, guk jasotzeko.

  • Orriaren argazkia edo orri betegarria guri bidali whatsappera: 607 609 580 edo posta elektronikora: bermeoberba@gmail.com

Jasotako erantzun guztien artean Errigorako otzara zozkatuko dugu eta sare sozialetan jakinaraziko dugu nor izan den irabazlea, baita erantzun zuzenak ere. Parte hartu, praktikatu eta bizi!



2020/11/04

Badator Euskaraldia!

Oraindik izena eman ez baduzu, egin klik lotura honetan ➡️ https://izenematea.euskaraldia.eus/

Izena eman baduzu eta duela bi urteko txapa galdu baduzu 🤪 (txapa berdinak dira, etxetik badituzue berrerabili ♻️ ditzakezue) hurbildu Kabidxera astelehenetik - barikura 18:00etatik 20:00etara, martitzen goizetan 12:00etatik 14:00etara edo azaroaren 9tik aurrera astelehenetik zapatura, goizez ere, eta eskuratu zure rolaren txapa 👂🏽👄


Aurten gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo dugu!

2020/10/28

Azaroko berbalagun taldeak

 Azaroan egongo den aurrez aurreko talderen batean izena eman nahi baduzue, deitu edo whatsappa idatzi: 607 609 580, bermeoberba@gmailcom. Etorri, berba egin, praktikatu eta bizi!


Lehenengo topaketa (birtuala)


Lehenengo topaketa birtuala etzi izango da, urriaren 30ean, pertsona kopurua mugatu barik lasai egoteko berbetan arratsaldeko zazpietatik aurrera. Konektatzeko, klikatu lotura honetan: https://meet.jit.si/Bermeokoberbalagun2020-2021

Gogoratu askoz hobeto entzungo duzuela aurikularrekin eta lagun guztiak ikusteko, mosaiko aukeratu behar duzuela. Aprobetxatuko dugu zalantzak argitzeko, egoera komentatzeko, nahi duzuena azaltzeko. Laguntzarik behar baduzue, dinamizatzailearekin kontaktatu: 607 609 580 (Marimar). 

Eman izena online ere


COVID-19ak konplikatu ditu herritarron arteko kontaktuak, horregatik, euskaraz online praktikatzeko aukera berriro zabaldu nahi dugu.

ZER EGIN BEHAR DA PARTE HARTZEKO?
1. Behean dagoen loturan aukeratu modalitatea: AURREZ AURRE, ONLINE, ala BIETARA.
2. Markatu nahiago d(it)uzun egun(ak) eta ordutegia(k)

Parte hartzea DOHAINIK da 👌, gainera, izena ematen dutenen artean 10 SARI-KUTXA 🎁 zozketatuko ditugu.

Animatu eta eman izena > http://emanizena.praktikatu.eus/

2020/10/26

Errigora: eskaera egin azaroaren 12ra arte

 https://youtu.be/o_QJidLtY2g


Hasi da Errigoraren udazkeneko kanpaina: Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuez osatutako hiru saski eskainiko dira azaroaren  12ra  arte eta auzolanari esker, jasotakoaren %25 bertako euskalgintzara bideratuko da. Egin zure eskaera:
https://www.errigora.eus

2020/10/14

Hainbat aukera euskaraz berba egiteko!


 Laster helduko da buzoira orritxoa, zeren zain zaude euskaraz berba egiteko?

 

Oizmendin ikusi: https://labur.eus/D90QW

Busturialdeko Hitzan irakurri: https://labur.eus/GWEPA

2020/10/08

Zein izango da zure taldea?


Etorri bihar arratsaldeko bostetan lamerara, Kasino aurrera, eta berba egingo dugu, edo deitu 607 609 580 telefonora. Badaude lau talde datorren asterako baina beste batzuk sor daitezke, eman izena, praktikatu eta bizi!

2020/10/01

Bueltan gaude


Datorren astean hasiko gara berriro elkartzen, talde txikietan, zuek aukeratutako egun eta ordutegietan. Lehenengo hitzordua urriaren bederatzian izango da, ostiralean, arratsaldeko bostetan lameran, Kasinoaren aurrean. Eman izena, praktikatu eta euskaraz bizi!

2020/06/23

Irailera arte!

Martxoaren 15ean, koronabirusak sortutako alarma-egoera indarrean sartu zen Hego Euskal Herrian. Biharamunean, martxoaren 16n, mintzapraktika-egitasmoak egoera berrira egokitzeko eta bezero zein erabiltzaileei aukerak eskaini ahal izateko, AEKren PRAKTIKATU zerbitzuak birusak #EzGaituMututuko kanpaina abiatu zuen.

Hasieratik, konfinamenduan euskaraz praktikatzeko eta bizitzeko tresnak sortu genituen: aholku- eta baliabide-sortak, euskarri berriak, bideo tutorialak... Horrekin batera, PRAKTIKATUren online eskaintza garatu dugu: itxialdian, mintzataldeak modu telematikoan aritu dira; topaketa birtualak bideratu ditugu; lehiaketak, tailerrak edota erronkak antolatu ditugu; Autu-Mautuak eskaini ditugu, gai zehatzei buruzko online solasaldiak. Arazoa aukera bilakatu dugula esan daiteke, eta, jasotako balorazioak ikusita, datorren ikasturtean horiek guztiak gure eskaintzaren barruan egongo dira.


Hiru hilabete bete dira kanpaina abiatu genuenetik eta gure helburua bete dugula harro esan dezakegu: BIRUSAK EZ GAITU MUTUTU! 
https://youtu.be/OV8HLf7n6Wk

Kirola eta Natura: irailean eman izena

🌳⛰️ Koronabirusa dela eta, programatuta genituen azken lau txangoak udako oporren ostean 😎 egingo ditugu. Izen-ematea irailaren lehen astean zabalduko dugu eta kopuru mugatua egongo da. Zalantzarik izanez gero, deitu: 607 609 580.

Udaberriko lehiaketa: erantzun zuzenak eta sariduna

Pasa den ostiralean entregatu genituen sari biak, Errigorako lote osoa, neguko eta udaberriko irabazleei batera, zorionak Oscar Lopez eta Karmele Allikari! 62 erantzun jaso ditugu guztira, online, eta hurrengoak izan ziren zuzenak:
  1. Lotu:
  • Zer ikusi, hura ikasi
  • Leku guztietan txakurrak lau hanka
  • Txapela buruan, ibili munduan
  • Osasuna, munduko ondasuna
  • Hitza, bihotzaren giltza
  • Jabe askoren txakurra goseak hil
  • Egarri dagoenari ur lohirik ez

  1. Zenbat eskultura daude lamerako Euskal Kosmogonian? 18
  1. Nondik irtengo da eguzkia, Bermeoko portuan bagaude? Ogoñotik
Zuen etxeko errezetarik gogokoenak: patata tortilla, marmitako eta txipiroiak, aipatuenak. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztiei, birusak #ezgaitumututu

2020/05/29

Autu-mautua: zer da hori?

COVID-19 birusak mintzapraktika taldeak online antolatzera behartu gaituenez, gure kultura eta aisialdiaren eskaintza ere egoera berrira ekarri dugu: topaketa birtualak, lehiaketak, erronkak... Horiek osatzeko Praktikatu Zerbitzuak ekimen berria abiatu du: Autu-mautuak.

Autu-mautuak gai zehatz bati buruzko online solasaldiak dira. Gaiak askotarikoak izan daitezke: zinea, sukaldaritza, literatura, barreterapia, nutrizioa, baratza, bidaiak... Orain arteko balorazio positiboak ikusita, datorren ikasturtean Autu-mautuak antolatzen jarraituko dugu baina zuen laguntza behar dugu horretarako.


Zeri buruzko Autu-mautua nahi dugu Bermeon? Nor izan daiteke aproposa gaia jorratzeko? Dinamizatzailearekin kontaktatu eta pentsatu duzuena esan, guk antolatzeko: 607 609 580. Ideia guztiak ondo etorriak izango dira!

Kontuan hartu Jitsi plataformaren bitartez antolatzen ditugula eta aurretiaz izena ematea eskatzen dela, solasaldirako lotura jaso ahal izateko. Beraz, konexio ona izatea ere eskertuko duzue egun horretan. Horrez gain, mikrodun aurikularrak badauzkazue, listo parte hartzeko.

Birusak #EzGaituMututuko

2020/05/11

Udaberriko lehiaketa 2020

Udaberriko lehiaketan parte hartu maiatzaren 29ra arte eta sariduna izanez gero Errigorako produktuak irabazi, oso erraza da:

- Aukeratu edo idatzi erantzun zuzena eta bidali botoia sakatu.
- Bete eta guri bidali, sare sozialetara, bermeoberba@gmail.com helbidera, edo 607 609 580 zenbakira.

Jasotako erantzun guztien artean zozkatuko dugu saria, eskerrik asko parte hartzeagatik! #BirusakEzGaituMututuko

2020/04/29

Taldera etorri nahi?



Berbalagun taldeak berriro kalean elkartu arte, lotura honetan elkartzen ari gara, adostutako egun eta orduetan: https://meet.jit.si/Bermeokoberbalagunberrogeialdian

Klikatzen baduzue, han elkartuko gara. Hurrengo taldea maiatzaren 5ean egingo dugu, asteartean, arratsaldeko 18:00etan. #BirusakEzGaituMututuko

2020/04/27

Euskal Herriko Topaketa Birtuala



PRAKTIKATU zerbitzuak euskara praktikatzeko Euskal Herriko Topaketa Birtuala antolatu du. Bertan, herri askotako berbalagunak, mintzalagunak, mintzakideak, ikasleak... euskaldunak batuko gara. Zeuk ere eman dezakezu izena, zatoz!

Euskara praktikatzeko EHko topaketa birtuala:
NOIZ? Maiatzaren 3an, igandea, 13:00ean
NOLA? Jitsi aplikazioan Zibergelak antolatuko ditugu, maiatzaren 2an postaz jasoko duzu zure gelaren helbidea. Igandean bertan sakatu eta sartuko zara.
IZENA EMATEKO AZKEN EGUNA: Apirilaren 30a

EMAN IZENA HEMEN: https://labur.eus/OdgUg

2020/04/24

Neguko lehiaketa: erantzunak eta irabazlea

 Neguko lehiaketan 82 lagunek erantzun zenuten eta atzoko berbalagun taldean zozkatu zen saria partaide guztien artean: Oscar Lopez da sariduna, zorionak!
Momentuz ezin izango diogu saria eman, baina ahal denean elkartuko gara Errigorako otzara entregatzeko. Gogoratu maiatzean izango dugula hurrengo lehiaketan parte hartzeko aukera, udaberriko lehiaketan, maiatzaren 9tik 29ra, eskerrik asko guztiei parte hartzearren!

Honako hauek izan ziren neguko lehiaketaren erantzun zuzenak:

1. Lotu:
  1. Gauean ibili, goizean ageri
  2. Nirea nire eta zurea gure
  3. Neguko eguna, argitu orduko iluna
  4. Urtarril hotza, neguaren bihotza
  5. Otsailean bero, negua gero
  6. Otsaileko euri, urteko ongarri
  7. Eguzki eta euri, martxoko eguraldi

2. “Bermioko portuan”,

 goizeko ordu bietan

“...ez da entzuten besterik...”

3. Udaberria ate joka dago kantari entzuten dugunean: Kukua

4. Zein da zure animaliarik gogokoena? Norberak adierazi du berea: txakurra, katua, zaldia, dortoka, txoria... Oscarren animaliarik gogokoena katua da.

Gaurtik aurrera Bermeoko Euskaraldiak Arrarik Arra lehiaketan parte hartzera gonbidatzen gaitu: apirilaren 24tik maiatzaren1era egunero bost galdera eta hiru erantzun posible. Erakutsi Bermeori buruz dakizun guztia!
Klikatu  +

Horrez gain, Egunean Behin lehiaketaren laugarren denboraldia abiatuko da astelehenean, hilaren 27an, uztailera arte, Etxealditik Euskaraldira kanpainarekin bat eginez. Jolastu gurekin eta Bermeoko berbalagunon taldean sartu 647CE2 giltza erabiliz.

#BirusakEzGaituMututuko

2020/04/06

Eskerrik asko gurekin jolasteagatik

Amaitu da "Egunean Behin" jolasaren hirugarren denboraldia eta gure taldean 21 partaide izan gara, eskerrik asko taldean egunero ibili zaretenoi! 

Aukera dagoenean elkartuko gara eta sariak zozketatuko ditugu guztion artean. Hurrengo denboraldian jarraituko dugu jolasten, #BirusakEzGaituMututuko.

2020/03/30

Kroketak - Miren

Bigarren errezeta heldu zaigu, eskerrik asko Miren! Orain praktikatzen hasiko gara, ezta? ...eta zuek, zein errezeta gomendatuko diguzue egun hauetan etxean egiteko? Aintzaneren moduan bidali audioa edo Mirenek egin duen moduan, idatzi labur, geuk argitaratzeko. Bide batez, kontatu egiten duzuenean, argazkia bidali...blogean geratuko da dena, #birusakezgaitumututuko

Gazta-tarta (Aintzane)

Atzo goizean Hektorrek bidali zigun Bermeoko argazki eder hau lanerako bidean, mila esker egun hauetan gu zaintzen zabiltzaten guzti-guztiei! Gero, Aintzane bidali zigun bere gosariko argazkia, baita berak aurreko arratsaldean egindako gazta-tartaren errezeta ere, ze gozoo!

Osagaiak😁
  • 4 arrautza (oiloenak)
  • 500 g gazta (philadelfia estilokue)
  • 250 g esne-gain (nata)
  • 200 g azukre (azukarie)
  • Koilarakada bat irina (urune, normala)
  • Molde desmuntagarri (desmontablie)
  • Laberako paper berezia
  Entzun Aintzaneren azalpena:
  1. Hasteko....+
  2. Gero...+
  3. Amaieran ahaztu barik...+
Mila esker Aintzane!
 


Praktikatu etxetik ere

Egokitu ditugu taldeak egoera berri honetan praktikatzen jarraitzeko, online berba egiteko eta euskaraz bizitzen jarraitzeko, etxetik. Berba egiteko taldeez gain, euskal dantza errazak praktikatzeko taldea ere hasi da antolatzen etxean dantzatzeko elkarrekin. Lehenengo dantza "100 alargunen dantza" izan da, eskerrik asko Silvia, bideoa helarazteagatik.
Edozein taldetan parte hartzeko, bidali mezu bat 607 609 580 zenbakira eta deituko dizugu eguna eta ordua adosteko, #BirusakEzGaituMututuko!





2020/03/27

Etxeko errezeta

Nori eskatu diozue egun hauetan errezeta gozo hori? Zein da etxeko errezeta onena? Gurekin elkarbanatuko duzue zuen sekretua?

Egun hauetan etxeko errezetak berreskuratu ditugu eta badakigu baten bat oso ona dela, beti irtengo dela ondo. Zein da?

Bidali 607 609 580 zenbakira  zuen etxeko errezeta, betikoa edo orain dela gutxi probatutakoa, gomendatuko zeniguketena eta blogean argitaratuko dugu. Azken eguna apirilaren 30a da eta parte hartzen duzuen guztiei oparitxo bat emango dizuegu, praktikatu, euskaraz bizi eta gogoratu: #BirusakEzGaituMututuko

2020/03/23

Birusak ez gaitu mututuko

Orain online batzen gara, Bermeoko berbalagunok zuen ondoan egongo gara euskaraz #PRAKTIKATUetaBIZI nahi dugulako eta etxetik praktikatzeko baliabide batzuen zerrenda osatu dugu zuentzat: klikatu eta euskaraz bizi. Zein erabiltzen duzue gehien? Zein umeekin?

Birusak #EzGaituMututuko!

2020/03/17

Etxetik ere praktikatu eta euskaraz bizi!

Zer moduz doa etxeko egonaldi behartua? 
Bakan batzuek oraindik lanera joaten jarraituko duzue; besteok, aldiz, telelana egiten ari gara: Berbalagun egitasmoa euskaraz praktikatzeko programa baino gehiago da; harreman sarea da. Eta nola elikatu sarea? Bada, hauxe gure proposamena:
  1. Whatsapp taldeak bideo-hitzorduak egiteko erabiliko ditugu; online bideratuko dugu, ea nola moldatzen garen. Momentuz ohiko hitzorduak mantenduko ditugu: etxean ere euskaraz PRAKTIKATU eta BIZI daiteke. 
  1. Egunean behin: Mugikorrerako euskal aplikazioa da, tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa. Deskargatu mugikorrean eta sartu Berbalagunen taldean (beheko kartelean xehetasunak). Astero parte hartzaile guztien artean zozketa egingo dugu. Sariak egoera normaltasunera bueltatu eta gero banatuko ditugu. 

     
  1. Berbalagunen asebetetzea neurtzeko galdetegia. Gure lana baloratu eta hobetzen laguntzeko zuen premian gaude. Bost minutu nahikoa duzu galdetegi hau betetzeko: https://labur.eus/Dazys
  1. Ekintza batzuk atzeratuta: martxorako aurreikusitako ekintzak atzeratu egin behar izan ditugu eta agenda berrantolatzen ari gara. Adi, Berbalagun! Maiatza eta ekaina bete-beteta datozkigu: udaberriko lehiaketa, euskal dantza errazen tailerra, gurasolagunentzat magia tailerra, Kirola eta Natura, berbalagunen topaketa eta bazkaria... 
Bermeoko Berbalagun guztiok osatzen dugu. Horregatik, berrogeialdi hau pasatzeko, eta gerorako proposamenak eta ideiak baldin badituzu, bidali helbide honetara: bermeoberba@gmail.com edo 607 609 580 telefonora. 
Besarkada handi bat guztioi, zain dezagun elkar!

2020/03/02

Martxoko taldeak

Hil honetan egongo diren taldeetan izena emateko deitu edo idatzi: 607 609 580, bermeoberba@gmail.com. Hasi euskaraz hitz egiten lagunartean, praktikatu eta bizi!

Euskal dantza errazak praktikatzeko tailerra

Martxoaren 25etik ekainaren 17ra elkartuko gara Kultura-etxeko lehenengo solairuko 1.2 entsegu gelan euskal dantza errazak praktikatzeko eta bide batez ondo pasatzeko euskaraz. Tailerra asterokoa izango da zazpi eta erdietatik zortzi eta erdietara arte, asteazkenero. Animatu eta eman izena doan telefono zenbaki honetan: 607 609 580. Ez da behar aurretiaz ezer, ondo pasatzeko gogoa baino, praktikatu eta bizi dantzan ere!

Martxoko agenda

Martxoan hainbat ekintza izango ditugu euskaraz bizitzeko, besteak beste guk antolatutako dantza errazen tailerra eta gurasolagunentzako magia tailerra. Eman izena, praktikatu eta bizi!

2020/02/28

Asteburu pasa Urduñan

Maiatzean eta ekainean familientzako bi asteburu pasa antolatu ditugu Tertangan. Bertara joateko idatzi 607 609 580 telefonora eta dinamizatzaileari eman izena. Ezinbestekoa da aurretiaz ordaintzea, joateko aukera dagoela konfirmatzean (ez da dirurik bueltatuko, 20 euro helduko eta 10 umeko). Ggogoratu plaza kopurua mugatua dela. Familian ere praktikatu eta bizi!

Eskatu Errigorako olioa eta kontserbak



https://youtu.be/_BRjQ0YPsbI

Oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza eta pasta ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta martxoaren 12ra arte. Eskaera egiteko:

https://labur.eus/eskutik-eskura-20
 

2020/02/19

Kirola eta Natura Zumaiako geoparkean

🌳 Hurrengo irteera: martxoaren 15ean, Zumaiako geoparkean. Izena emateko azken eguna: martxoak 11. (Plaza kopurua mugatua da, beraz, izen-ematea lehenago itxi daiteke).
>IZENA EMATEKO bete fitxa hau
NORENTZAT:
Edonorentzat
DISTANTZIA eta IRAUPENA: 8,5 km, 3 ordu gutxi-asko.
KOMENI DA ERAMATEA: Ura eta hamaiketakoa, oinetako erosoak.
ZEHAZTAPENAK: 9:30ean Itxaspe kanpinaren kanpoko aparkalekuan geldituko gara.

Azken txangoaren argazkiak >  https://labur.eus/pzEoY

2020/02/12

Egunean behin gurekin

Sortu dugu berbalagunon taldea gurekin jolasteko, oso erraza da eta asko ikasiko duzue jolasten. Zelan hasi? Orain arte ez baduzue jokatu inoiz, deskargatu behar duzue aplikazioa jolasten hasteko. Gero, esan taldekideei, dinamizatzaileari, bidelagunei, hasi zaretela jolasten, haiek sartuko zaituzte taldean eta. Bestela, gako honen bitartez ere sar zaitezkete: 647CE2, animatu, praktikatu eta bizi!

2020/02/10

Neguko lehiaketa



Gaurtik 28ra lehiaketa abiatu dugu, bete eta zorte on!
Saria Errigorako otzara izango da eta erantzun guztien artean zozketatuko dugu.
Parte hartu, praktikatu eta bizi!

2020/01/31

Natura eta Kirola: Altube

Hurrengo irteera Altubeko baso eta ur-jausietara izango da otsailaren 16an. Bide batez, argazki lehiaketa antolatuko da, animatu eta eman izena otsailaren 12a baino lehen. Irteera Belauntza eskolako aparkalekutik abiatuko da, Izarran, goizeko 9:30ean.

>IZENA EMATEKO bete fitxa hau
 

  • Edonorentzat
DISTANTZIA eta IRAUPENA: 10 km, 4 ordu gutxi-asko
KOMENI DA ERAMATEA: Ura eta hamaiketakoa, oinetako erosoak (lokatza)
ZEHAZTAPENAK: 09:30ean emango zaio hasiera irteerari, Izarran, Belauntza eskolako aparkalekuan.


  ARGAZKI LEHIAKETA: ALTUBEKO PAISAIAK


  • ZENBAT: gehienez 3 argazki
  • BIDALI:  660 861 633ra
  • NOIZKO: azken eguna, otsailak 19
  • SARIA irabazlearentzat!


>DELIKAKO ZIRKUAN ORIENTAZIO ARGAZKIAK

Otsaileko berbalagun taldeak

Honako hauek dira astero elkartzen diren taldeak, hurbildu eta hasi euskaraz hitz egiten lagun artean. Informazio gehiago edo izena eman nahi baduzu, bidali mezua edo deitu 607 609 580 telefonora.

Otsaileko agenda

Otsailean euskaraz praktikatu eta bizitzeko hainbat aukera: Demiku auzoko jaiak, Santa Ageda, Aratusteak, Natura eta Kirola, neguko berbalagun lehiaketa... parte hartu, doan!

2020/01/10

Kirola eta Natura: Delikan orientazioa



>IZENA EMATEKO bete fitxa hau
 

NORENTZAT: Edonorentzat
DISTANTZIA:

  • 2 km (familia eta umeentzat)
  • 5 km (orientazio-kirola ezagutzen dutenentzat)
IRAUPENA: 2 ordu gutxi-asko
ERAMAN BEHARREKOAK:

  • Iparorratza eta mendiko oinetako erosoak
  • Ura eta hamaiketakoa eramatea komeni da
 ZEHAZTAPENAK:
  • 10.00etan Delikako Tabernan (Los infernos)  geldituko gara.
    Oinarrizko azalpenak eman eta mapa jaso ostean,  orientazio probari  hasiera emango zaio 10:30ean.
Izena emateko azken eguna: urtarrilaren 22a.


 
OHARRA

Antolakuntza ez da arduratuko gerta litezkeen istripu edo lesioez. Parte-hartzaile bakoitza bere buruaren arduradun izango da ibilbideak irauten duen bitartean. Horrela, ezbeharren bat gertatu edo kalte-ordainen bat beharko balitz, antolakuntzak ez du inolako erantzukizunik izango.

Izen-ematearekin batera parte-hartzaileak baimena ematen dio antolakuntzari bere partaidetzaren irudiak erabiltzeko eta hedatzeko (irratia, prentsa, bideoa, argazkia, internet, kartelak, hedabideak, etab.) eta merkataritza-eta publizitate-ustiapenari buruzko eskubide guztiak lagatzen dizkiola diru-konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik gabe. 

2020/01/09

Urtarrileko agenda

Bihar arratsaldean hitzaldiarekin hasi eta urtarrilean hainbat hitzordu apuntatu ditugu agendan: familia tailerra, antzerkia, dantza saioa, irakurleen txokoa... euskaraz praktikatzeko aukera guztietan parte hartu, praktikatu eta euskaraz bizi!

2020an jarraitu praktikatzen

2020KO ERRONKA: EUSKARAZ GEHIAGOTAN EGITEA. 💪🙂
Urte berriarekin batera berriz zabaldu dugu mintzapraktika taldeetan parte hartzeko aukera. Aste honetan hasi dira elkartzen asteroko talde guztiak, taulan daudenak. Hala ere, beste hitzorduren bat interesatzen bazaizue, hiru edo lau lagun elkartzen zaretenean talde berri bat sortuko dugu aukeratutako egunean arazo barik.

Beraz, oraindik izena eman ez baduzu, hurbildu Bermeoko euskaltegietara, Hizkuntza Eskolara edo Euskera Sailera, edota fitxa hau bete: https://bit.ly/2QW6MHB

Gure argazki galeria ikusi...+